47,7 milioi pertsonek emana dute izena hauteskunde hauetan bozkatzeko. Frantziako 34 967 hiri eta herrietan, behera egin du parte hartze kopuruak. Ohi bezala, bozka guneak hetsi baino oren bat lehenago eman ditu parte hartze datuak barne Ministerioak. %38,77koa izan da parte hartze heina Frantziako esatu osoan, 2014an, ordu berean, %54,54koa zen; ia 16 puntuko galera gertatu da. Koronabirusaren eragina ikus daiteke apaltze horretan.
Agintari bat baino gehiagok eskatu du bozak bertan behera uztea, «krisi egoera» dela-eta. Gilles Simeoni Korsikako presidenteak herriko bozak gibelatzeko eskatu zion Frantziako presidenteari. Eskaera berdina egin zuten François Bayrou Modem alderdiko presidenteak eta beste hainbat arduradun politiko eta instituzionalek ere.
Le Monde egunkariko zuzendariak zabaldu zuenez, Eliseoak atzo gauean adierazi zien "beranduegi" dela bozak gibelatzeko, eta "ikusiko" dutela bigarren itzulirako zer egin.
Atzo gauean, herriko bozak gibelatzeko mezuak zabaltzen hasi ziren sare sozialetan, eta gaur goizerako, "ez naiz bozkatzera joanen" eta "geditu etxean" traolak aipatuenen artean ziren Frantziako Twitterren. Ipar Euskal Herrian ere, ez bozkatzea erabaki dutela jakinarazi dute zenbaitek sare sozialetan. Remi Salomon Parisko ospitaleetako medikuntza batzordeko presidenteak mezua zabaldu goiz honetan, "erabateko konfinamendua" ezartzeko eskatu eta ez bozkatzera joateko gomendatuz.