«Jaungoikoaren laguntzarekin, gure esku dagoen guztia egingo dugu herrialdea krisitik ateratzeko. Gogor lan egin behar dugu herriari esperantza lorgarri bat emateko». Horiek izan dira Antonis Samaras ND Demokrazia Berria alderdi kontserbadoreko buruak Greziako lehen ministro karguaren zina egin ondoren esandako lehen hitzak. Pasok alderdi sozialdemokratarekin eta Dimar zentro-ezkerreko alderdiarekin herenegun aipatutako «desadostasunak» gainditu eta gobernua osatzea lortu du NDk. Denborarik ezin dela galdu argudiatuta, akordioa iragarri eta berehala hartu du lehen ministro kargua Samarasek, herrialdeko presidente Karolos Papuliasen eta Atenasko Artzapezpiku Ieronimos II.aren aurrean. Lehenak gobernua osatzeko agindua eman dio, eta zortea opa dio, «arazoak asko eta zailak baitira».
Hilabeteko epean bi hauteskunde, kanpaina erasokorra eta negoziazio luzeak behar izan dituzte gobernua eratzeko. Maiatzeko krisiaz geroztik Panaiotis Pikrammenos epailearen esku egon da gobernuaren gidaritza, eta lehen ministroaren bulegoan lekukoa eman dio honek Samarasi. Oso bataila gogorrak izango dituela ohartarazi dio epaileak: «Bidegabekeria sozialari aurre egin beharko dio, herritarren segurtasuna zaindu beharko du, administrazioa ibilarazi eta gure herrialdea Europan errespetatuko duten kide berri bilakatu beharko du». Lehen ministro berriak erantzun dio arazoen jakitun dela eta prest dagoela erronkari aurre egiteko.
Sozialisten buru Evangelos Venizelos izan da adostasunaren berri ematen lehena. «Greziak gobernua dauka». Eta gaur bertaneuroguneko herrialdeekin egingo duten bileran Finantza ministro Georgios Zaniasek gobernu berriaren mezua helaraziko diela jakinarazi du Pasokeko buruak. Erreskatearen baldintzak berriz negoziatzeko beharraz arituko dira gaur EB Europako Batasuneko herrialdeekin egingo duten bileran; izan ere, gobernu berriko hiru kideak bat datoz baldintzak aldatu behar direla. «Europako gehiengo kontserbadoreak» baldintza gogorrak onartzera behartu zituztela salatu du Venizelosek, eta orain hori aldatzeko garaia dela dio. Pasokek negoziatu zuen, agintean zenean, NDF Nazioarteko Diru Funtsarekin eta EBrekin erreskatea, eta bozetan gogor zigortu dute herritarrek alderdi sozialdemokrata.
Berriz negoziatzearekin bai, baina hori egiteko moduarekin, ordea, ez daude ados hiru alderdiak, eta horixe izan da gobernu akordioa atzeratzeko arrazoi nagusia. Dimarrek hiruko gobernuaren alde egingo duela jakinarazi du zalantzan aritu ondoren. Baina, Fotis Kuvalis alderdiko buruak azaldu duenez, «gizartea odolusten duten» erreskatea eta neurritasun plana berriz negoziatzeko exijitu du baiezkoa eman aurretik. Teknokratekin, akademikoekin eta gizarte zibileko kideekin hartuko du parte gobernuan Dimarrek, alderdiko eledun Andreas Papadopulosek jakinarazi duenez.
EB eta NDF bigarren erreskatearen truke ezarritako baldintzak negoziatzeko prest agertu dira, baina oinarrizko emaitzak ez dituztela aldatuko diote, horiek lortzeko modua baizik.
Sirizak oposizioa egingo du
Bestalde, atsekabetuta agertu da Pasokeko burua Sirizak batasun gobernuan parte hartu nahi izan ez duelako. Igandeko bozetan bigarren geratu zen ezkerreko alderdiak jakinarazi du legebiltzarrean eta kalean oposizioa egingo duela. Izugarrizko gorakada izan du Sirizak eta lehen postutik boto gutxira geratu bada, neurri handi batean, Europak eta eskuinak elikatu duten beldurragatik izan dela diote adituek. «Greziaren subiranotasunaren aldekoa izango da borroka ezkerrarentzat», adierazi du Sirizako diputatu Manolis Glezosek.
Glezosek uste du hemendik aurrera Troikak Greziari «laguntza» handiagoa emango diola, eta Atenas ez duela estutuko soldatak eta pentsioak murrizteko. Jendea kalera ez ateratzeko eta ezkerra krisiarekin hazi dena baino gehiago ez hazteko egingo dute hori, Sirizako diputatuaren hitzetan.
Alemaniatik, lanerako deia
Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarena izan da Samarasek jaso duen lehenetariko deia. Zoriondu, eta Berlinera joateko gonbita egin dio. Hain zuzen ere, Alemaniako Atzerri ministro Guido Westerwellek koalizio gobernua «azkar» osatu izana ospatu zuen atzo, baina berehala lanean hasteko eskatu zion Greziako lehen ministro berriari. Westerwelleren hitzetan, NDk, Pasokek eta Dimarrek bat egin izanak agerian uzten du Europaren alde dauden Greziako alderdiek egoeraren larritasuna ulertzen dutela.
«Kanpainak eta bi hauteskundeek denbora preziatua galtzea eragin dute. Horregatik, orain are garrantzitsuagoa da erreformak lehenbailehen indarrean jartzea eta herrialdea azkar modernizatzea», esan du Westerwellerrek. Alemaniako Gobernuko bozeramaileorde Geor Streiter, baina, gogorrago agertu da, eta Greziako Gobernu berriari lanean hasteko deia egiteaz gain, adostutako baldintzak betetzeko eskatu dio. «Ez da Greziari kontzesioak egiteko garaia».
Pasok, Dimar eta NDk Samaras buru duen gobernu bat eratu dute Grezian
Lehen ministro karguaren zina egin du NDko buruak; Sirizak adierazi du oposizioa legebiltzarrean eta kalean egingo duelaAlemaniak akordioa ospatu, eta berehala lanean hasteko eskatu dio Atenasi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu