Irlandako gatazka

Pat Finucane abokatuaren hilketa argitzeko eskatu dio AI-k Londresko gobernuari

UDA talde paramilitar loialistak hil zuen gaur duela 20 urte, 1989an, RUC Poliziaren laguntzaz. Londresko Poliziako arduradun batek 2003an frogatutzat jo zuen lotura. Ikerketa judizial independentea egin dadila nahi du Amnesty Internationalek.

2009ko otsailaren 12a
20:17
Entzun
Pat Finucane abokatuaren hilketa argitzeko eskatu dio gaur Amnesy Internationalek Londresko gobernuari. UDA Ulsterren Defentsarako Elkartea talde paramilitar loialistak hil zuen duela hogei urte, 1989ko otsailaren 20an, Belfasten, RUC Poliziaren laguntzaz, Londresko Poliziako arduradun batek 2003an frogatutzat jo zuenez. Familiak eta errepublikanoek lehenagotik salatu zuten Poliziak eta zerbitzu sekretu britainiarrek "elkarlan estua" zutela talde loialistekin.

Londresko gobernuak "ikerketa judizial independentea" bultza dezala nahi du AIk, eta gaur egin dio eskaera, hilketaren 20. urtemugan. Horrez gain, nazioarteko kanpaina abiatu du gaur giza eskubideen aldeko erakundeak, Irlandako gatazkako hilketetako polemikoenetakoa argitzeko presio egiteko.

2004ean Londresko gobernuak ikerketa publikoa egiteko aukera eskaini zuen, baina hau legeria berriaren arabera egitekotan. Legeria horrek, ordea, ez lituzke "segurtasun nazionaleko kontuak arriskuan" jarriko, eta, hortaz, saio gehienak ateak itxita egin beharko ziratekeen.

Alabaina, Finucaneren familiak eskaintza hori errefusatu egin zuen, eta ikerketa independentea eskatzen segitzen du, agintari britainiarren kontrolpean egongo ez dena.

"Gaurkoa bezalako egun batean, 1989an, Patrick Finucane tiroz hil zuten, emaztearen eta seme-alaben aurrean. Hogei urte geroago, ezkutuan segitzen du oraindik haren hilketaren gaineko egiak", gogorarazi du gaur goizean AI-k Londresen duen zuzendari Kate Allenek. "Igarotzen den egun bakoitzeko, egia aurkitzeko posibilitateak gutxitu egiten dira. Gutxienez funtsezko bi lekuko hil dira dagoeneko".

2003an Londresko Polizia Metropolitarreko buru ohi John Stevensek, 14 urteko ikerketen ondoren, eginiko txosten batek frogatutzat jo zuen RUC Ipar Irlandako Poliziaren eta paramilitar loialisten arteko elkarlana, 1980ko hamarkadan komunitate katolikoko herritarrak eta ideologia errepublikanoa zutenak, bereziki, hiltzeko.

Finucanek hainbat preso errepublikano (tartean IRAko kide Bobby Sands, 1981eko gose greban hila) defendatu zituen.

Stevensen ikerketa

Stevensek bere txostenean nabarmendu zuen "hiltzeko konspirazioa" egon zela Finucaneren kontra. Hau bere senideen aurrean hil zuten tiroz, Belfasteko bere etxean. 39 urte zituen. UDAko paramilitar loialista batek egin zizkion tiroak, baina beste bi kidek ere parte hartu zuten atentatuan.

Soilik horietako bat zigortu zuten, 2004an: Ken Barret. 22 urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Stevensek frogatutzat jo zuen Barrettek informatzaile lanak egiten zituela RUC Poliziaren zerbitzu sekretuetarako. Hilketaren bi konplizeak, William Stobie eta Brian Nelson ere zerbitzu sekretuekin elkarlanean aritu ziren, bai Irlanda iparraldekoekin bai britainiarrekin.

Stobie paramilitar loialistek beraiek hil zuten 2001ean, kontu garbiketa batean, eta Nelson 2003an hil zen, biriketako minbiziak jota. Gerra zikina delakoan beste hainbat kasutan parte hartu izana leporatu izan diote hainbat errepublikanok eta kazetari independentek Nelsoni.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.