Espainiako hauteskundeen ondorena

Patxi Lopez Espainiako erregearekin bilduko da, hark alderdiekin bigarren bilera sorta abia dezan

Espainiako gobernuburu izateko hautagairik ez dago oraingoz, eta hura topatzen ahalegintzea dagokio Felipe VI.ari.

2016ko urtarrilaren 25a
07:34
Entzun

Espainiako Kongresuan ordezkaritza duten alderdiekin bigarren bilera sorta egingo du Espainiako erregeak. Patxi Lopez Kongresuko presidentea gaur bilduko da harekin, hautagairik ez dagoela jakinarazteko, eta bigarren buelta horretan zein alderdik parte hartu nahi duten esateko. Izan ere, protokoloaren arabera, Felipe VI.ari dagokio hautagaiei inbestidurara aurkeztea proposatzea.

Halaxe proposatu zion joan den astean PPren hautagai Mariano Rajoyri, baina "oraingoz" ez dela aurkeztuko iragarri zuen hark. Podemosek PSOErekin gobernua osatzeko intentzioa azaldu zuen, baina Pedro Sanchezek erantzun zion Rajoyren txanda dela, eta hura aurkeztu arte edo ez dela aurkeztuko jakinarazi arte ez duela ekimena hartuko.

Inbestidura saioa ez da izango, beraz, orain arte ohikoak ziren denboren barruan; denbora gehiago hartzea erabaki du alderdi sozialistak, lehen inbestidura saioa egin arte ez baita martxan jartzen gobernua osatzeko epe mugaren kontagailua.

Espainiako errege Felipe VI.ari aste honetan berretsiko dio Sanchezek Kongresuan gehien bozkatutako alderdiari dagokiola gobernua osatzea, eta Rajoy ez bada, PPko beste hautagai bat izatea zilegi irudiko litzaiokeela. Hainbat komunikabidek iturri sozialistak aipatuta azaldu dute bigarren kontsulta saioetan erregeak berriz ere Rajoyri eskatu behar liokeela gobernua osatzeko, eta eskaerari bigarrenez uko egingo balio, orduan onartuko lukeela Sanchezek inbestidurari aurre egiteko eskaera. Sozialisten arabera, «Sanchezek ez du izango Rajoyk inbestidura saioa blokeatzean erakutsitako arduragabekeria».

Erregeak bigarren kontsulta saioak amaitzen dituenean hasiko lirateke negoziatzen sozialistak. Datozen egunetan PSOEk ez du negoziaziorik hasiko, beraz, Podemosek egindako eskaintzaren gainean; eta Ciudadanosekin ere ez du bilatuko gehiengo alternatiborik: Rajoyk uko egin arte edo Felipe VI.ak eskatu arte ez da mugituko.

Podemosek sortutako burrunba gelditzea lortu du; argi utziz, gainera, denbora ez diotela Podemosek edota PPk markatuko. Hain zuzen, kongresua dute sozialistek datorren larunbatean, eta han markatu beharko lukete hemendik aurrerako estrategia, eta, bide batez, aztertu alderdiaren barruan duten zatiketari nola jarri erremedioa, datozen erronken aurrean batasun eta sendotasun itxura eman nahi badute. Orain agerikoak dira desadostasunak.

PPren barruan ere Rajoyrekiko kritikoak ari dira sokatik tiraka: ordezkoa behar luke, besteak beste, Esperanza Aguirre Madrilgo PPko presidentearen ustez: "Sakrifizioak eta ukoak egin behar dira, behar izanez gero". Rajoyk berretsi du, ordea, bere hautagaitza mantentzen duela, baina oraindik ez duela nahikoa babes lortu, eta ez duela bozketa galdu nahi, hauteskundeetara dei egiteko bi hilabeteko epe konstituzionala zabalduko bailitzateke.

Berriz ere hasierako puntuan daudela deritzo Rajoyk, eta hemendik aurrerako agendan jarri nahi izan du PSOE, Ciudadanos eta PPren artean gobernu moderatua sortzeko abenduaren 21ean egin zuen eskaintza. PPrena ez den gobernu bat egongo balitz, berriz, oharra egin du: Senatuan gehiengo osoa du, eta "zentzugabekeria guztiak" geratuko ditu. Ez du aipatu gabe utzi nahi izan Pablo Iglesiasek Sanchezi gobernua osatzeko egin dion eskaintza; alegia, sozialista presidente izatea eta Podemosekoa presidenteorde: "Gobernuak duintasuna duen presidente bat behar du, ez hipotekatua eta umiliatua dagoen norbait". Horrelako gobernu batek "min handia" emango luke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.