Alderdiko militanteen %65,8k parte hartu dute bozketan. Eduardo Madina hautagaiak %36,19ko babesa jaso du PSOEren idazkari nagusi izateko; Jose Antonio Perez Tapiasek, berriz, %15,12koa.
Gipuzkoako eta Arabako militanteek Sanchez babestu dute; Bizkaian eta Nafarroan, berriz, Madina irten da garaile.
Emaitzen berri jakin ondoren, batasunerako deia egin die Sanchezek alderkideei. Aurreratu duenez, Madinari eta Perez Tapiasi bere taldean lan egitea proposatuko die. "Eraikiko dugun PSOEn ez dago inor soberan, jendea falta da, eta hurbildu nahi duenak idazkari nagusiaren babesa jasoko du", azaldu du.
Horrez gain, orain arte idazkari nagusi izan denari, Alfredo Perez Rubalcabari, eskerrak eman dizkio, galdeketari "bidea emateagatik". Sanchezek gogorarazi du militanteei zuzenean botoa emateko aukera eman dietela, eta esan du ate hori ez dela "gehiago" itxiko.