PSOE-ren krisia

Pedro Sanchezek dimisioa eman du

PSOEko idazkari nagusiak galdu egin du ezohiko kongresua antolatzeko bozketa. Batzorde Federaleko 132 kidek bozkatu dute kontra, eta 107k alde. Orain gestora batek hartuko du alderdiaren etorkizuna gidatzeko ardura. Javier Fernandez Asturiasko gobernuburua izango da gestoraren buru.

2016ko urriaren 2a
10:33
Entzun

Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak dimisoa eman du azkenean. Hamar ordu baino gehiagoz bilduta egon ostean, PSOEko Batzorde Federalak bozketa bidez erabaki zuen atzo ezohiko kongresu batera ez deitzea. Eskua jasota egin dute bozketa: 107k eman dute baiezkoa; 132k ezezkoa. Pedro Sanchez idazkari nagusiaren proposamenak, beraz, ez zuen behar adina babes jaso.

Ostiralean agindu zuen dimisioa aurkeztuko lukeela bere proposamena onartuko ez balitz, eta hala egin du. "Erabaki egin behar zen lidergoa noren eskuetan zegoen, eta PSOEk inbestiduran izango duen jarrera finkatu, gobernu alternatibo bat eratzen saiatzeko. Emaitza kontrakoa izan da, eta beraz dimisioa aurkeztu dut", azaldu zuen Sanchezek, bozketa galdu eta gero egin duen agerraldian.

Egun osoan tentsio handia izan zen PSOEren egoitza nagusian, Madrilgo Ferraz kalean. Hamar ordu pasako bilera egin zuten, alderdiaren geroaz erabaki ezinik. Goizean goizetik Batzorde Federala abiarazi ezinik aritu ziren. Ordu luzez, ez zuten adostu zer gairen inguruan eztabaidatu behar zuten, ez nortzuek eman zezaketen botoa, ez eta nortzuek osatu behar zuten mahaia ere. Hiru aldiz eten zuten bilera.

Sanchezek eta haren aldekoek beren proposamenari eutsi zioten: urriaren 23an hauteskunde primarioak egitea eta azaroaren 12an eta 13an ezohiko kongresu bat antolatzea, alderdiaren idazkaritza nagusia, zuzendaritza eta ildoa erabakitzeko. Alderdiko kritikoek, aldiz, zentsura mozio bat aurkezteko ahalegina egin zuten.

Alderdia bitan zatituta dagoela agerian gelditu da, eta hala aitortu dute ordezkari eta militante sozialistek ere. Batzorde Federala bileran ari zen bitartean, ehunka militante elkartu ziren Ferrazeko egoitzaren atarian. Espainiako poliziak bertara joan ziren, eta kalea itxita ere eduki zuten zenbait momentutan; militanteek alderdiko eztabaidetan erabakitzeko eskubidea dutela defenditu zuten, eta txistuka hartu zituzten Sanchezekin kritiko agertu direnak. Poliziak babestuta sartu eta irten ziren haietako asko momentu batzuetan.

Kanpoan bezala, barruan ere tentsioa. Azkenean adostu zuten bozketa bat egitea. PSOEk ohiko Batzorde Federaletan erabilitako sistema bidez egin dute bozketa hori azkenean: eskua jasota. Hala exijitu zuten kritikoek; Sanchezen aldekoak saiatu ziren bozketa boto kutxekin egiten, baina ez zuten lortu. Gaia ere erabaki zuten: ezohiko kongresua antolatu edo ez bozkatu dute. Sanchezek nabarmen galdu zuen bozketa, nahiz eta alderdia bitan zatitua dagoen irudia ere agerian utzi duen bozketaren emaitzak —25 botoko aldea izan da bi aukeren artean—.

"Ferrazen PPk irabazi du"

PPk ez du baloraziorik egin PSOEren krisiari buruz, baina Unidos Podemos koalizioko buruek bai egin dituzte adierazpenak. Sare sozialetan, damu agertu dira, alderdi sozialistako buruzagitzan izan den aldaketak PPri emango diolakoan Espainiako Gobernua. "Ferrazen PPk irabazi du", idatzi du Alberto Garzon IUko buruak.

PSOEren zuzendaritza berriak berrikusi beharko du Rajoyren gobernu bat trabatzeko Sanchezek mantendu duen ildoa —urriaren 31 arte dute Espainian inbestidura saio bat egiteko—. Momentuz gestora bat antolatuko dute, eta hainbat iturriren arabera Javier Fernandez Asturiasko presidenteak horren gidaritza hartuko du. Zazpi egunen barruan batzar bat deitu beharko du gestora berriak, alderdia berriz martxan jartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.