Espainia

Pedro Sanchezek Espainiako presidente kargua hartu du

Espainiako Errege Etxearen egoitzan hartu du kargua, Felipe Borboikoaren aurrean, Mariano Rajoy atzora arte presidente izandakoa bertan zela.

Pedro Sanchez, presidente kargua harteko ekitaldian, gaur, Espainiako erregearen egoitzan. FERNANDO ALVARADO , EFE
2018ko ekainaren 2a
09:25
Entzun

Trantsizioaz geroztik lehenengoz, Espainiako presidente batek gurutzerik eta bibliarik gabe agindu du kargua. Felipe Borboikoaren aurrean hartu du presidente ardura Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak, atzo, Mariano Rajoyren kontrako zentsura moziorako babesa lortu ondoren. Espainiako Konstituzioaren ale batean eskuineko eskua jarrita hitz eman du Sanchezek kargua, 11:00etan.

Espainiako Estatuko botereetako ordezkariek parte hartu dute ekitaldian. Horien artean, Auzitegi Konstituzionaleko, Auzitegi Goreneko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidenteak, eta Ana Pastor Kongresuko presidentea. Notario lanetan aritu da Rafael Catala jarduneko Justizia ministroa.

Sanchezek gobernua osatu beharko du orain. Gobernu parekidea izango dela aurreratu du. Ikusteko dago ministro horien artean Euskal Herriko PSOEko kiderik izango den ala ez. Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia eta Odon Elorza Donostiako alkate ohia izen posibleen artean aipatu dituzte Espainiako hainbat hedabidek.

Espainiak "aro berri bat zabaltzeko aukera" duela nabarmendu du Sanchezek. Aldi berri bat abiatzeko eskatu diote, hain zuzen, zentsura mozioan babestu dutenek. Akordioak lortzea izango du erronka, gobernagarritasuna bermatzeko.

Espainiako presidentetzarako PSOEren hautagai aukeratu zutenean, politikari ezezaguna zen Sanchez. Ordutik, askotariko diskurtso eta jarrerak agertu ditu. Ikusteko dago boterean zein norabide hartuko duen.

Rajoyk, berriz, argitzeko du bere etorkizun politikoa. Gurtel auziaren epaiak eragin duen lurrikara politikoaren ondotik, PPko buru izaten jarraituko duen ala alderdiaren gidaritzatik baztertuko den erabaki beharko du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.