Perez Molina da Guatemalako presidente izateko hautagai faboritoa

Gaurko bozetan Manuel Baldizon aberats populista lehiatuko da militar ohiaren kontra

Erredakzioa
2011ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Otto Perez Molina 60 urteko militar ohiak du gaur Guatemalako hauteskundeak irabazi eta herrialdeko presidente bihurtzeko aukerarik handiena. Iragan irailaren 11n egin zuten presidentetzarako bozen lehen itzulia, eta ordukoan boto gehien lortu zuten bi hautagaiak lehiatuko dira berriro gaur: Perez Molina eta Manuel Baldizon aberats populista. Prensa Libre egunkariaren inkestaren arabera, botoen %58,5 eskuratuko ditu jeneral ohiak, eta %41,5, berriz, Baldizonek.

Irabaziz gero, «irmotasunez» jokatuko dutela aurreratu dute bi hautagaiek. Izan ere, segurtasun eza da egun guatemalarren arazo nagusietako bat, egunean hamasei lagun hiltzen baitituzte batez beste, eta hilketen %60 krimen antolatuak, narkotrafikoak eta gazte taldeek eragindakoak dira. Segurtasunaz gain, ordea, garrantzi handia izan du pobreziaren kudeaketak ere kanpainan. Guatemalarren %51 pobreziaren mugan bizi da, estatistika ofizialen arabera, eta bi hautagaiek Alvaro Colom jarduneko presidenteak hasitako programa sozialekin jarraituko dutela zin egin dute.

Emaitzak onartzeko eskaera

Colomek, hain zuzen, hauteskundeetan ateratzen diren emaitzak errespetatzeko eta euren jarraitzaileak «kontrolpean izateko» deia egin die bi hautagaiei, liskarrak saihesteko. «Heldutasuna eskatzen dizuet, zuen lekukoliderrak kontrolpean izatea,hautestontziak itxi ostean benetako ospakizun zibikoa izan dezagun».

Colomen ondorengoak 2012ko urtarrilaren 4an hartuko du kargua, eta 1986an diktadura militarrak bukatu zirenez geroztik boto bidez hautatutako Guatemalako zazpigarren estatuburua izango da. Diktaduraren aroa bukatuzenetik ez da militarrik izan presidentetzan; Tito komandanteaezizeneko Perez Molinak irabaziz gero, aldiz, hautsi egingo da joera. 1960 eta 1996 bitartean armadako buru zela giza eskubideak urratu izana leporatuz hainbat salaketa jarri zizkioten, baina akusaziobakar bat ere ez zen baieztatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.