Nola gogoratzen duzu goiz hura?
Irratian entzun nuen. Hasi ziren leherketa baten berri ematen, eta hasieran bi hildako esan zuten, baina zerrenda goraka zihoan, kontaketa guztiz beldurgarri batean. Gogoan dut goiz horretan bertan Arnaldo Otegi elkarrizketatzekoa zutela irrati batean, eta hara joan aurretik bildu nahi genuen.
Hasieratik oso garbi geneukan ezinezkoa zela ETA Madrilen gertatzen ari zenaren atzean egotea, batez ere, ikusita zer indiskriminatua izan zen erasoa eta aukeratutako modua. Gainera, momentu hartan nazioarteko testuinguru politikoan guztiz kokatua zegoen Irakeko gerraren afera, eta, kontuan izanda Espainian bertan izan zuen parte hartzea, iradokitzen zuen jihadistak egon zitezkeela horren atzean. Gogoan dut momentu latza zela eta presio handikoa, baina ezker abertzalea izan zen hasierako jarreran mantendu zen bakarra.
Eguerdian eman zenuten prentsaurrekoa, baina aurretik beste alderdiekin izan zenituzten kontaktuak. Zer erantzun jaso zenuten?
Oro har, hitz egin genuen alderdi abertzaleekin, baita sozialistekin ere. Gogoan dut Arnaldok telefonoz hitz egin zuela Ibarretxe lehendakariarekin, eta esan ziola ez genuela sinesten inondik inora ETA izan zenik. Gero ez zuen balio izan. Uste dut Madrilek jarritako bideari jarraitu ziola Ibarretxek askorik pentsatu gabe, eta gaur oraindik damu dela hori egin izanaz. Oso oroitzapen garratza daukat Ibarretxeren portaeraz. Oso itsusia izan zen, batez ere goiz hartan telefonoz Arnaldok esan ziolako zer iritzi geneukan eta, hala ere, berak nahiago izan zuen Madrilen hitza entzun eta ETAren eta ezker abertzalearen aurka egin. Ez zait inoiz ahaztuko basapizti hitza erabili zuela. Ibarretxe ezagututa, ziur nago pertsona bezala une hura gogoratzen duela bere bizitza politikoan egindako hanka sartze sonatuenetako bat bezala.
Gogoratzen dut baita ere goizean, 11:00 aldera edo, Arnaldok hitz egin zuela Iñaki Gabilondorekin eta hark ere aitortu ziola Madrilen lanean ari zen Poliziarengandik jaso zuela halako informazioa, baina ezin zuela irratitik esan.
Zer gertatuko zen gezurra inoiz argitu izan ez balitz?
Beldurgarria izango zen. Kanpaina hura martxan jarri zuten Espainiako Gobernuak ezin zuelako jasan espainiarrei azaldu behar izatea hau gertatu zela Irakeko gerran parte hartzea erabaki zuelako, horrek hauteskundeetan oso emaitza txarrak ekar zitzakeelako PPrentzat. Bestetik, bazuten esperientzia luzea bertako terrorismoaren kontra egiten; gogoratu behar da bazela urtebete Alderdien Legea indarrean sartu zela, eta bide batez gezur hura ongi zetorkien euskal independentismoa jotzen jarraitzeko. Une hartan kanoi guztiak jarri zituzten Euskal Herrirantz begira, 97an Miguel Angel Blancoren garaian gertatu zenaren remake bat egiteko, baina azkenean ezinezko izan zen, estatuko iritzi publikoa segituan konturatu zelako gezur handi bat zela. Aznarrek eta haren gobernuak ordaindu zuten gezurra esan izana, eta ez hainbeste Irakeko gerran parte hartu izana. Hori argitara atera izan ez balitz, ondorioak izugarriak izango lirateke. Oroitzen naiz larunbatean Carod Rovirarekin hitz egin genuela telefonoz, eta esan zigula Aznarren asmoa zela ETAren egiletza frogatu izan balitz autonomia bertan behera uztea eta bestelako neurri errepresibo potoloak hartzea, eta segur aski ezker abertzaleko militantzia jopuntuan jartzea.
Batzuek larrutik ordaindu zuten PPren gezurra.
Askok aipatzen dute 48 orduko tentsioa, baina tarte hori izan zen soilik atentatuak izan eta ETAk agiria eman artekoa. Gogoratu behar da larunbat horretan bertan Angel Berrueta hil zutela Iruñeko Donibane auzoan, eta haren hilketa salatzeko igandean antolatutako manifestazioan Kontxi Sanchizi bihotzekoak eman ziola. Egun oso gogorrak izan ziren. Berruetaren hil kaperan izan ginen, eta Polizia oso gogor oldartu zitzaigun beilatoki barruan geundenoi. Azken finean, Madrildik martxan jarri zen intoxikazio kanpainaren biktima izan ziren Berrueta eta Sanchiz. Bi haien izenak gehitu egin behar dira martxoaren 11k eragin zituen biktimen zerrenda luzean.