Erasoa Munichen

Pertsona bakar batek egin zuen Munichen bederatzi lagun hil zituen tiroketa

Olinpiar estadioaren ondoko merkataritza zentro baten inguruan zebilen jendeari eraso egin, eta bederatzi lagun hil zituen; gero, bere buruaz beste egin zuen, atzo arratsaldean. Hasieran erasotzaileak hiru izan zirela zabaldu bazen ere, gaur baieztatu dute 18 urteko gizonezko alemaniar-irandar bat izan zela erasotzaile bakarra —nazionalitate bikoitza du—. Arrazoiak ez daude argi, baina erasotzaileak ez zuen loturarik Estatu Islamikoarekin.

mikel rodriguez
2016ko uztailaren 23a
23:33
Entzun

Tiroketa handi bat gertatu zen atzo arratsaldean Munichen (Alemania). Poliziaren azken datuen arabera, erasotzaile bakar batek gutxienez bederatzi lagun hil zituzten tiroz olinpiar estadioaren ondoko merkataritza gune batean, eta beste 16 lagun zauritu. Hasieran, erasotzaileak hiru zirela esan zuten, eta erasoa "ustezko ekintza terrorista" gisa izendatu zuen Poliziak; nolanahi ere, goizeko ordu bietan eman duten prentsaurrekoan jakinarazi dute erasotzailea bakarra izan zela, eta ez zuela inolako loturarik EI Estatu Islamikoarekin. Erasoa egin zuen gizonezkoak bere buruaz beste egin zuen. 

Atzo bete ziren bortz urte Anders Behring Breivik eskuin muturreko jarraitzaileak Norvegian 77 lagun hil zituenetik. Eta Poliziak esku artean darabilen tesia da eraso haren antzeko bat egin nahi izan zuela atzoko erasotzaileak. Izan ere, sare sozialak erabilita biktima batzuk konbokatu zituen, eta, bizi zen etxean miaketa egin dutenean, hilketa masiboei buruzko informazioa topatu dute. Gainera, azpimarratu dute 18 urteko gizonezkoa tratamenduan zegoela depresioagatik.

Munich osoa geldiarazi zuen gertakariak: garraio publikoa eten zuten agintariek, eta tren geltoki nagusia hustu; Poliziak herritarrei eskatu zien toki publikoetatik alde egiteko etxera edo babesperen batera, eta hiriaren inguruko errepideak husteko ere eskatu zien auto gidariei.

Poliziaren kontakizunaren arabera, 18:00ak inguruan hasi zen tiroketa, Municheko olinpiar estadioko merkataritza zentro baten kanpoko aldean, janari lasterreko jatetxe baten parean. Sare sozialetan ustezko erasotzaileen irudiak zabaldu ziren, jatetxearen parean eta merkataritza zentroaren teilatuko aparkalekuan zegoela hartuak. Zenbait bideotan tiroen hotsak ere aditu zitezkeen. Bavariako irrati-telebista publikoaren arabera, kanpoan zegoen jendea merkataritza gunean babestu zen, eta, Poliziak eraikina inguratu bazuen ere, ez zuten erasotzailea harrapatu. Municheko bertze zenbait gune ezagunetan tiroketa gehiago izan zirelako berriak zabaldu ziren berehala, baina Poliziak jakinarazi zuen ez zela bertze erasorik gertatu. Agintariek erabaki zuten hiria geldiaraztea. "Municheko herritarrei erraten ari gatzaizkie jende arriskutsua dabilela ihesean", adierazi zien bart arratsean Poliziako bozeramaile batek berri agentziei.

Iragan asteartean Wurzburgen 17 urteko errefuxiatu afganiar batek ustez motibazio islamista batekin labanaz eraso bat egin ondoren, giroa aztoratuta zegoen Alemanian. EI Estatu Islamikoak bere gain hartu zuen Wurzburgeko erasoa, bortz egun lehenago Nizan (Frantzia) gertatutakoa ere hartu ondoren —84 lagun hil zituzten Nizan—. Baina EIren egiletzaren ingurukoak espekulazioak baino ez ziren atzo; eta guztiz bertzelako teoriak ere zabaldu ziren, gainera, Bild egunkari sentsazionalistak argitaratu baitzuen merkataritza zentroko lekukoek erran zutela erasotzaile batek "alemaniarra naiz, izorra daitezela atzerritarrak!" oihu egin zuela, eta jantzita zeramatzan botak neonaziek erabili ohi dituzten marka batekoak zirela. Sueddeutsche Zeitung egunkariak argitaratu zuen Poliziako iturri batek adierazi zuela ez zegoela "zantzurik" baieztatzeko "islamismoarekin zerikusia duen terrore ekintza bat" izan zela. Omid Nouripour Alderdi Berdeko diputatuak gogor gaitzetsi zituen zabaldutako espekulazioak: "Ez dago argi tiratzaileak EIko sasikumeak diren, edo Breiviken antzeko sasikumeak, edo zer. Utzi igarkizunak egiteari, eta itxaron agintariei".

Atentatu handienetakoa

EIk, duela bi urte Europako herrialdeak mehatxatu zituenetik, helburutzat du Alemanian atentatu handi bat egitea. Haren izenean labanaz egindako zenbait eraso izan dira azken urtebetean; azkena, aste honetan, Wurzburgen. Eskuin muturra, berriz, anitz azkartu da azken urteotan, eta nagusiki errefuxiatuak paratu ditu jomugan: aurten 550 harrera etxeri baino gehiagori eraso die. Mezu xenofoboek indar handia hartu dute Alemanian, eta Angela Merkel kantzilerra immigrazio politikarekin estutu nahi dute eskuinerago dituen arerioek, irekiegitzat baitute hori.

Atzoko erasoaren motibazio politikoa berretsiko balitz, II. Mundu Gerraz geroztik gertatutako handienetakoa litzateke. Orain arteko handienak ere Munichen izan dira: 1972an, talde palestinar batek Israelgo olinpiar kirolariak bahitu zituen, eta, Poliziak esku hartu ondoren, hamabi bahitu eta bortz bahitzaile hil ziren. 1980an, berriz, neonazi batek bonba bat paratu zuen Oktoberfest garagardo besta ospetsuaren gunean, eta 11 lagun hil zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.