GIZA GARAPENARI BURUZKO TXOSTENA. GIZA GARAPENARI BURUZKO TXOSTENA

«Pertsona batek nahitaezkoa du nortasuna hautatzeko askatasuna»

Sakiko Fakuda-Parr. Giza Garapenari buruzko txostenaren egilea.

arantxa elizegi egilegor
DONOSTIA
2004ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Nazio Batuen Erakundeak kaleratu berri duen txostenaren egilea da Sakuko Fakuda-Parr. Bruselan dokumentua aurkeztu ostean, Berriarekin hitz egiteko tarte bat egin du Fakudak. Kazeta honi azaldu dionez, agintariek herritar guztien kultura eta erlijioa bermatu behar dute, gizarte anitza lortu nahi bada.

Nazio Batuen Erakundearen txostenaren arabera, gizarte kultur anitza zilegi da. Baina nola lor genezake halakorik?

Politika federalistaren bitartez, agintariek askatasuna eskaintzen diete estatu horretako herri desberdinei. Gizarte kultur anitza sortzeko neurri politikoak hartu behar dira. Autonomiaren eta parte-hartzearen aldeko neurriak, alegia. Nire ustez, herri demokratiko gehienak dira kultur anitzak, nolabaiteko politika federalista jarraitzen dutelako. Horretaz gain, sistema horiek giza talde bakoitzaren erlijio askatasuna bermatu behar dute. Hirugarrenik, hizkuntza dago. Hizkuntza ofizialez gain, hizkuntza gutxituak ere bermatu eta bultzatu behar ditu gobernuak. Laugarrenik, herritar guztiek aukera sozial eta ekonomiko berdinak izan behar dituzte. Edozeinek pentsa dezake gauza horiek begi-bistakoak direla, denok dakigula zeintzuk diren kultur aniztasunaren ezaugarriak. Baina munduan desberdintasun handiak ikus daitezke talde etniko desberdinen artean. Kasu askotan, hizkuntza gutxituak hitz egiten dituztenek edo bertakoa ez den erlijioa jarraitzen dutenek ez dute besteek adinako askatasuna.

Neurri horiek guztiak jarraitzea errazagoa da, agian, herrialde txikiagoetan?

Ez du zertan. AEB Ameriketako Estatu Batuetan, esaterako, urte asko daramatzate kultur aniztasunaren alde eta bazterketaren aurka lanean. Afroamerikarrek, adibidez, aurrerapauso handiak egin dituzte, azken berrogei urteotan. Hala ere, badira oraindik baztertuak sentitzen diren taldeak ere. Indigenek, esaterako, arazo handiak dituzte euren kultura bermatzeko. Denboran zehar eta kolonizazioaren eraginez, beraienak ziren lurrak galdu zituzten. Horrekin zera esan nahi dut: AEBetan ere, beste leku askotan bezala, asko dagoela oraindik egiteke.

Zer da askatasun kulturala?

Norberak erabaki behar du zeintzuk diren bere ezaugarri kulturalak. Zure esku dago euskalduna, katalana, irlandarra, espainola edo britainiarra zaren erabakitzea. Edozer erabakita ere, gizarteak ezin zaitu baztertu. Kultur aniztasunak gizartean parte hartzeko aukera eskaintzen dio herritarrari, bere ezaugarriak edozein direla ere. Parte-hartzea mugatzen den kasuetan, beraz, ezin esan genezake aniztasuna dagoela.

Zeintzuk dira kultur askatasunaren mugak? Erabateko askatasuna eduki behar dute herritarrek?

Pertsona nahi duena da. Aske izateak hori esan nahi du: nahi duenak nahi duena egiteko eta izateko askatasuna duela. Askatasuna horren muga bakarra giza eskubideak dira. Gizakiek elkarren askatasuna errespetatu behar dute, eurena mantendu ahal izateko. Muga hori gainditzen ez bada, ez da arazorik izango. Leku batzuetan, agintariek gutxiengoen askatasuna mugatzen dute. Kultura ofiziala babesteko egiten dutela diote. baina hori ez da hala. Gure artean errespetatzen bagara, mugak ez dira behar.

Zer egin behar da kultur askatasuna lortu ahal izateko?

Denok izan nahi dugu aske. Guztiok jarraitu nahi dugu gure erlijioa inolako oztoporik gabe. Baina egun, munduan mila milioi lagun inguru mugatuta bizi dira. Gobernuak euren askatasuna mugatu du, bakearen edo dena delakoaren izenean. Pertsona horiek baztertuta bizi dira. Bazterketa hori gainditu ahal izateko laguntza behar dute. Agintariek euren jarrera aldatu ezean, gero eta gehiago izango dira baztertuta bizi direnak. Askatasun ezaren ondorio dira gehienetan herrien arteko borrokak.

Europako gizartea kultur anitza da?

Bai. Gero eta gehiago dira Europara datozen etorkinak. Horiek eurekin dakartzate euren ezaugarri kulturalak ere. Erlijioa edo hizkuntza, esaterako. Era berean, baina, ez dute euren jatorrizko herriarekin harremanik galdu nahi. Ez dute euren nortasuna atzean utzi nahi. Ondorioz, azken urteotan etorkin kopuruak gora egin duela kontuan hartzen badugu, milaka nortasun desberdin gordetzen ditu Europak. Pertsona bakar batek, bestalde, nortasun kultural desberdinak izan ditzake. Hau da, ni frantziarra izan naiteke, marokoarra izateari utzi gabe. Aldi berean, ez dut zertan frantziar bilakatu, herrialde horretan bizi arren. Horrek ez du esan nahi Frantzia edo bertako kultura baztertzen dudanik. Bi gauzak egin daitezke. Ni oso marokoar sentitu arren, Frantzia maitatu dezaket. Batak ez du bestea kentzen.

Zuk esana da estatuak ez ikusiarena egin dezakeela erlijioarekin, baina ezin duela mutu geratu hizkuntzen arloan.

Gutxiengoaren erlijioa, erlijio ofizialaren izenean baztertzea gauza erraza da. Egunero eta edonon ikus daiteke. Egutegiak egiterakoan, esaterako, jai ofizialak erlijio jakin baten araberakoak izan ohi dira. Hizkuntzen arloan, ordea, arazoa nabarmenagoa da. Hizkuntza ofizial bakarra bermatzen bada, milaka baztertzen dira. Hizkuntza egunero erabiltzen den tresna bat da. Horregatik behar du beste alorrek baino babes sendoagoa.

Aniztasuna estatuaren batasunerako ez dela arriskutsua diozu. Baina, hala bada, zergatik ez dute agintariek aniztasun hori bermatzen.

Askok ez dutelako hori sinesten. Gizarte anitzaren beldur dira. Batasuna desegingo ote duen beldur. Hori, baina, ez da hala, Herrialde askok bermatu dituztegutxiengoen eskubideak eta ez dira horregatik desagertu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.