Lurrikara atzo goizaldera gertatu zen. Perun 18:41 ziren, lurra mugitzen eta eraikinak goitik behera erortzen hasi zirenean. «Ohetik atera eta kalera irten ginen korrika. Bonbardatuak izaten ari ginela zirudien. Beldurgarria izan da. Nire emaztea eta seme-alabak oihuka ari ziren, zer gertatzen ari zen galdetzen ari zitzaizkidan. Gure etxea galdu dugu, baina zorionez bizirik gaude», gogoratu du Eduardo Mevoeamio Pisco hiriko perutarrak. Hain zuzen, kostaldeko hiri horretan eragin ditu lurrikarak kalte handienak. Pisco hegoaldeko Ica probintzian dago, eta bertako alkateak aditzera eman duenez, hiriaren %70 erabat suntsituta geratu da lurrikararen ondotik. «Hainbeste ahalegin egin eta gero, gure hiria suntsituta dago», azaldu du Juan Mendoza Uribek, Piscoko alkateak. Halaber, portzentajearen atzean dagoen irudi tristea marraztu dute berri agentziek: «Heriotza eta hondamendia da nagusi. Etxebizitzak hondakin bihurtu dira, eta dozenaka hilotz daude kaleetan».
Jose Calderon Osasun ministrordeak Icako egoera dramatikotzat jo du. Halaber, Liman ere erabat aldatu du lurrikarak hiriburuko paisaia. Milaka perutarrek beren etxeak utzi eta kalera egin zuten atzo. «Inoiz bizi izan dudan lurrikara handiena izan da, baita luzeena ere. Bi minutuz lurra ez da geldirik egon. Munduaren amaiera zirudien, eta ezagutzen ditudan gehienak urduri daude oraindik. Lurrikararen ondoren, askok kalean pasatu dute gaua, beste lurrikara bat gertatuko ote zen beldur». 7,9 graduko indarra zuen lurrikara nagusiaren ondotik, beste bi gehiago izan ziren: 5,4 eta 5,9 gradukoak.
NBE LAGUNTZEKO PREST. Hondamendi naturalen aurrean laguntzeko mekanismoa martxan jartzeko prest dago NBE Nazio Batuen Erakundea. Peruko Gobernuak laguntza noiz eskatuko zain daude bilaketarako eta erreskaterako taldeak. Bere aldetik, Peruko Gobernu kabineteko arduradun Jorge del Castillo, Parlamentuko presidentearekin batera, Icara joatekoa zen atzo. «Lurretik ahal dugun tokiraino eraman ditugu laguntzarako materiala, janaria eta ura», azaldu du Del Castillok.Behin-behineko hiru ospitale ere jarri dituzte hiri kaltetuenetan. Halere, Icako ospitaleetan zaurituen kopuruari ezin aurre egin aurkitu dira, eta asko korridoreetan tratatu dituzte. Larri daudenak Limako ospitalera helikopteroz eraman beharko dituzte.
Lurrikararen ondotik errepideak suntsituta geratu dira, baita telefono sarea ere. Horren haritik, Peruko Gobernuak aurreratu du dagoeneko Telefonica enpresari gertatutakoaren gaineko kontuak eskatuko dizkiola. Azken horrek, bere aldetik, telefono sarea larrialdietarako baino ez erabiltzeko eskatu du, kolapsatu ez dadin.
Lurrikara gertatu eta gutxira, Peru, Txile, Ekuador eta Kolonbia alerta egoeran jarri ziren. Alerta egoera bertan behera gelditu zen ordu gutxira, ordea, lur mugimenduek tsunamirik eragingo ez zutela ziurtatu ondoren. Bestalde, iturri ofizialek aditzera eman dutenez, Chincha hirian 600 preso inguruk ihes egin zuten atzo kartzelatik, lurrikararen ondorioz espetxeko hormak behera erori zirenean.
Perun askok gogoratuko dute 1970eko lurrikara. Ritcher eskalan 7,5 graduko indarra izan zuen. Atzokoak baino indar gutxiago izanagatik ere, 75.000 hildako eragin zituen orduko lurrikarak. Halere, izan dira beste hainbat halako hondamendi ordutik. Atzokoa ordea, horien guztien artean indartsuena izan da, 7,9ko indarrarekin.
munDuKo LurrIKara HanDIenaK
Lurrikara, ohiko hondamendi naturala
1906ko apirilaren 18a. San Frantziskon ehunka pertsona hil ziren.1923ko irailaren 1a.Kanto Handia lurrikarak 142.800 pertsonen heriotza eragin zuen Japonen.
1960ko maiatzaren 22a. Ritcher eskalan 9,5 graduko indarrarekin munduan izan den lurrikara handiena gertatu zen Txilen. Lurrikarak 10 metroko tsunamia sortu zuen, eta ehunka herri suntsitu ziren Hawaiin (AEB). Milaka lagun hil ziren.
1963ko uztailaren 26a. Mazedonian 6,9 graduko indarra zuen lurrikara izan zen. Skopje hiriburuan mila lagun inguru hil eta 100.000 etxerik gabe gelditu ziren.
1970eko maiatzaren 30a. Perun 75.000 pertsona hil ziren.
1972ko abenduaren 23a. Nikaraguako Managua hiriburuan eragin zituen kalte gehien. 10.000 pertsonatik gora hil ziren.
1976ko uztailaren 28a. 250.000 hil ziren Txinan, gehienak Tangashan hirian.
1985eko irailaren 19a. Mexikon lurrikara bortitz batek eraikinak erausi eta 10.000 hildako eragin zituen.
1988ko abenduaren 7a. Ritcher eskalan 6,9 graduko indarra zuen lurrikara izan zen Armenian. 25.000 pertsona hil ziren.
1990ko ekainaren 21a. Iraneko Gilan probintzian 40.000 lagun hil ziren.
1993ko irailaren 30a. 10.000 indiar hil ziren lurrikaretan.
1995eko urtarrilaren 17a. Japonen 6.430 herritar hil ziren.
1995eko maiatzaren 27a. Errusia ekialdeko Sakhalin uhartean 7,5 graduko indarra zuen lurrikarak 1.989 errusiarren heriotza eragin zuen.
1997ko maiatza. Iranen 1.600 lagun hil ziren, 7,1 graduko indarra zuen lurrikaran.
1998ko maiatzaren 30a. Afganistan iparraldeko lurrikara bortitza izan zen: 4.000 hildako.
1999ko abuztuaren 17a. Turkian 17.000 hildako.
1999ko irailaren 21a. Taiwanen 2.500 hil ziren, 7,6 graduko indarra zuen lurrikarak.
2001eko otsailaren 26a. 20.000 hil eta beste hainbat etxerik gabe gelditu ziren Indian.
2003ko maiatzaren 21a. Aljerian bi mila hil ziren.
2003ko abenduaren 26a. Iranen 26.000 pertsonatik gora zenbatu zituzten hildakoen artean.
2005eko martxoaren 28a. Sumatran (Indonesia) 7,6 graduko indarra zuen lurrikaran milatik gora hil ziren.
2005eko urriaren 8a. Kaxhmir eskualdean 73.000 hil ziren.
2006ko uztailaren 17a. 7,7 graduko indarra zuen lurrikarak tsunamia eragin eta ehunka hildako izan ziren, Indonesiako Java uhartean. Urtebete lehenago 5.000 lagun hil ziren, lurrikara baten ondorioz.
2007ko abuztuaren 16a. 7,9 graduko lurrikaran 450 lagun hil ziren Perun.