Peruko presidentetzarako bozetan, faboritorik ez

Humala nazionalista, Flores kontserbadorea eta Garcia ezkertiarra dira hautagai nagusiak

arantxa elizegi egilegor
2006ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Ez dago faborito argirik Perun gaur egingo diren Presidentetzarako bozetan. Hiru dira hautagai nagusiak: Ollanta Humala nazionalista, Lourdes Flores kontserbadorea eta Alan Garcia ezkertiarra. Inkesten arabera, Humalak du irabazteko aukera gehien, botoen %26rekin. Baina beste bi hautagaiek gertutik jarraitzen diote, botoen %24rekin. Horiek hala, aldaketa nabarmenik ezean, bigarren txanda egin beharko dute maiatzaren hasieran.

Peruko egungo presidente Alejandro Toledok autoritarismoaren kontra ohartarazi du. Nahiz eta bere hitzaldietan Humala aipatu ez duen, argi utzi du ez duela gustuko haren politika: «Gaurko ogia eta biharko gosea da autoritarismoaren politika. Lana sortzen duena eta pobreetaz kezkatzen dena da benetako nazionalista». Humalak berak ere behin baino gehiagotan egin izan du Peruko presidentearen kontra. Esaterako, Ollanta Humalaren anaia Antauro Humalak presidentea eta beste hainbat buruzagi fusilatu egin beharko liratekeela esan izan du. Antauro Humala preso dago Limako kartzela batean, iaz altxamendu bat antolatzeaz akusatuta. Matxinada hartan lau pertsona hil ziren. Toledoren esanetan, «gehiegizko demokrazia» egon da bere agintaldian: «Hori okerra izan bada, fusila nazatela». Egungo presidenteak nazioartearen onespena lortu du. Ez, ordea, herritarrena. Berarekin Peruko ekonomiak hobera egin duen arren, txiroen kontura izan da hori. Era berean, indigenak ere kalera atera dira baztertuak daudela salatzeko. Horregatik, agian, horietako asko Humalaren alde agertu dira.

Muturreko iritziak

Humalak muturreko iritziak eragin ditu Perun. Indigena gehienak alde dituen arren, moderatuenek diote haren jarrera «muturrekoegia» dela. Limako Unibertsitateko analista politiko Luis Benaventeren ustez, herritar gehienak ezbaian daude hautagai baten eta bestearen artean. Humala muturrekotzat jotzen dute, Garciak garai bateko gobernu ustela ekartzen die gogora eta Flores, berriz, txiroen kontura bizi diren kontserbadore aberatsen ordezkaritzat daukate.

«Botere ekonomikoak kontrolatutako diktadura faxista batean bizi gara», esanez amaitu du Humalak kanpaina. Peruko baliabide naturalak ustiatzen dituzten multinazionalei zergak igoko dizkiela hitzeman die jarraitzaileei, eta eskatutakoa ordaintzen ez badute baliabideak ustiatzeko baimena kendu egingo diela iragarri du. Adituen arabera, Boliviako Evo Moralesen eta Venezuelako Hugo Chavezen jarraitzailea da Humala. Chavezek berak, gainera, behin baino gehiagotan agertu izan dio sostengua. Hautagai kontserbadorearen iritziz, herritarrak atsekabetuta daude Toledoren politikarekin, eta hori mesedegarria da Humalarentzat: «Nolabait herriak baditu arrazoiak desengainatuta eta zapuztuta egoteko, eta Humala atsekabe horretaz baliatu da. Baina hori aldatu egingo da bigarren txandan». Zenbait inkestaren arabera, bigarren txanda egiten bada, Floresek botoen %51 lor ditzake, eta Humalak, berriz, %47. Beste bi hautagaiei bera iraintzea leporatu zien Floresek: «Alejandro Toledoren bidetik jarraituko dudala esan dute». Garcia ere ezaguna da. 1985etik 1990era presidente izan zen. Hasieran herritarren sostengu osoa zuen. Baina agintaldia amaitu zuenean, krisi ekonomiko larrian utzi zuen herrialdea. Horrek eta Gobernuaren aurkako ustelkeria salaketek kalte egin zioten haren irudiari. Lanpostuak sortuko dituela eta nekazaritza bultzatuko duela hitzeman die herritarrei, baina haiek gogoan dute oraindik haren agintaldia.

Jarraipen handia

Mundu osoko 200 kazetari joan dira Perura, hauteskundeak jarraitzera. Han daude nazioarteko begiraleak ere. AEE Amerikako Estatuen Erakundeak eta Europako Batasunak nabarmendu dute Latinoamerikarentzako «lezio demokratikoa» izango dela Peru. «Bozek oinarri demokratiko sendoak jartzeko balioko dute», adierazi du AEEko presidenteak. Adituak, ordea, beldur dira bigarren txanda egiten bada Humalaren jarraitzaileak ez ote diren kalera aterako protestatzera. Hautagai nazionalistak jada ohartarazi du manifestazioak izango direla hauteskundeetan iruzur susmorik bada. Orotara 16,5 milioi perutar daude bozkatzera deituta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.