krisia belfasten

Peter Robinson Ipar Irlandako lehen ministroak dimisioa eman du

DUPek iragarria zuen parlamentua bertan behera geratu ezean batasuneko gobernutik aterako zela.

Robinson, artxiboko argazkian. PAUL MCERLANE, EFE
Adrian Garcia.
2015eko irailaren 10a
08:38
Entzun

IRAko kide ohien hilketek krisian hondoratu dute Ipar Irlanda. DUP Alderdi Demokratiko Unionistak gatazka bideratu artean legebiltzarra bertan behera uztea nahi du, alderdien arteko elkarrizketak bultzatzeko. Baina hark aurkeztutako mozioa ez dute onartu, eta ultimatumba bete du Robinsonek, gobernua utzita. "SDLP eta Sinn Fein alderdien Stormonteko akordioak betetzeko ezintasunak, IRAren egituraren existentziak eta egun hauetako atxiloketek amildegian behera bultzatu dute gobernua", adierazi du buruzagi unionistak. DUPeko beste ministroek ere dimisioa emango dute, Finantzakoak ezik. "Lehen ministro kargua beteko du, nazionalistek Ipar Irlandarako kaltegarria izan daitezkeen erabakiak hartzea eragozteko".

Sinn Feinek adierazi du "arrazoigabea" dela erakundeak bertan behera uztea. DUPek gobernua uztekotan, errepublikanoek esan dute bozak aurreratu behar direla. Martin McGuiness Ipar Irlandako lehen ministrorde eta Sinn Feineko arduradunaren arabera, ez da bidezkoa "profil baxuko gaizkile" batzuen ondorioz Ipar Irlandako erakundeak indargabetzea.

Herenegun Bob Storey Sinn Feinen buruzagia atxilotu zuten Belfasten, beste bi kide errepublikano nabarmenekin batera. Horrek are gehiago tenkatu zuen soka, eta hautsi egin da azkenean. Poliziak Kevin McGuigan IRAko kide ohiaren hilketarekin lotu du Storey. Abuztuan hil zuten McGuigan, eta Poliziak IRAko beteranoen arteko kontu garbiketatzat jo zuen. Maiatzean beste kide ohi bat hil zuten, Gerard Davinson. PSNI Ipar Irlandako buru George Hamiltonen prentsaurrekoak aztoratu zuen bizitza politikoa orain aste batzuk. Haren arabera, IRA existitzen da, nahiz eta ez izan "terrorismoarekin" jarraitzeko asmorik. Alderdi unionistek Sinn Feinekiko konfiantza galdutzat eman dute. DUPen aurretik, UUP Ulsterko Alderdi Unionistak utzi zuen gobernua.

Azken asteetan Robinson Ipar Irlandako Parlamentua gerarazten saiatu da. Haren ustetan, bizitza politikoak ezin du aurrea egin alderdien arteko "konfiantzarik eza" jarraitu artean. Sinn Feinek behin eta berriz ukatu du IRA jardunean egotea. Ofizialki 2005ean armagabetu zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.