Petraeus jenerala badoa Afganistandik, AEBetako tropak irteten hasi baitira

John R. Allen izango da NATOren eginbeharra afganiarren esku uzteko ardura izango duen buruzagi militarra

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2011ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Afganistanen denbora eta diru gehiegi erabili dute AEBek, eta handik alde egiten hasteko garaia heldu dela erabakia dute. Horregatik, soldaduak ateratzen hasi direnean —aste honetan ofizialki—, nazioarteko tropen burua ere aldatu dute. David Petraeus jenerala badoa, AEBetan prestigio handiena duten armadako buruetako bat, Afganistango eta lehendik Irakeko (2007-2008) nazioarteko indarren zuzendaritza izan ondotik. George Bushek izendatu zuen Irakeko indarren buruzagitzarako, eta orain Barack Obamak CIAko inteligentzia zerbitzuen buru izendatu du. Segurtasuna afganiarren esku uzteko ardura, berriz, John R. Alleni utziko dio Petraeusek.

John R. Allen Petraeusen konfiantzakoa da, eta haren aginduetara lan egindakoa; besteak beste, Iraken egindako lana goraipatu izan dute maiz AEBetan, eta Al Kaedaren kontra borrokatzeko sunitak erakartzen egindako ahalegina. Nazioarteko tropekin lanean jarduteko hango herritarrak erakartzeko gaitasuna kontuan hartu dute orain jarri dioten zeregina betetzeko: NATOren eta AEBetako tropen lana Afganistangoen esku uzteko eginbeharra.

«Gure begirada Afganistango etorkizunean jarria dugu, giro seguruan eta baketsuan eraikiko den nazio librearengan», adierazi du kargua hartzerakoan, baina ez da horren erraza izango egun dagoen giroarekin apurtzea, eta NATOren tropak handik alde egiteko garai egokia ez dela ere leporatu diete Afganistango hainbat buruzagik AEBetakoei. Hain justu, joan den astean eman dute lehen sei hilabetekoan egon diren hildakoen berri: 1.600 baino gehiago, gehienak zibilak.

Erretiratzearen arriskuak

Talibanek ere iragarri dute segurtasunaren esku aldatze horretan ez direla geldirik egongo eta atentatu saioak egingo dituztela. Hori dela eta, talibanen ekintzak saihesteko Petraeusek ardura Allenen esku uzteko ekitaldia ez dute aldez aurretik iragarri, eta Afganistandik alde egiteko estrategia ere xehetasun gehiegirik eman gabe azaldu dute.

NATOk 133.000 kide ditu herrialde hartan, 100.000 AEBetakoak, eta helburua da 2014rako ez egotea borrokarako kiderik. Joan den astean 650 soldadu estatubatuar atera ziren, eta aurten 10.000 kide atera nahi dituzte; datorren urteko irailerako beste 23.000 aterako dituzte, eta 2013an eta 2014an 70.000.

Bamijandik hasi dute segurtasuna esku aldatzeko estrategia, egun leku seguruenetakoa delako, eta helburua da estrategia sendotuz doan heinean eta arazo nagusiez ohartuz joan ahala leku nahasiagoetatik joaten hastea. Bamijan 2001ean talibanek leherrarazi zituzten bi buda erraldoi ezagunen gunea da, paradoxikoki, baina haien ekintzak murritzak dira orain. Kabuletik, besteak beste, oraindik ez dute erabaki noiz aterako diren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.