Iran ez da zalantzatan ibiliko. «Europako zenbait herrialdek gure kontrako jarrerari eusten badiote, zalantzarik gabe, eten egingo diegu petrolioaren esportazioa», adierazi du Ahmad Galebani Irango Petrolioaren ministrorde eta Irango Petrolio Konpainia Nazionaleko zuzendariak PressTV Teheranen kate ofizialean. Igandean Frantziari eta Erresuma Batuari petrolio hornidura eten ostean, Alemania, Espainia, Grezia, Herbehereak, Italia eta Portugal jarri ditu orain mehatxuaren jomugan. Espainia, Grezia eta Italia dira, hain zuzen ere, Teheranen bezero nagusiak Europan; kontsumitzen duten erregaiaren %14 inguru erosten diote Irani.
Petrolioaren iturria ixtearen mehatxuek, nolanahi ere, bereziki Atenasen sortu du kezka. Izan ere, Giorgios Papaconstantinou Greziako Energia eta Ingurumen ministroak iragan astean onartu zuen Iranekin dituzten petrolio kontratuak etenez gero arazoak izango lituzkeela herrialdeak erregaiz hornitzeko. «Iranen petrolioarekiko menpekotasun handia daukagu, hark eskaintzen dizkigulako merkataritza baldintzarik onenak. Espero dugu Iranek mehatxurik ez betetzea, kontratuak baitaude tartean».
Iragan urtarrilaren 23an Bruselak hartutako erabakiari erantzun dio Teheranen mehatxuak. Irango bankuen kontrako zigorrak ezartzeaz gain, datorren uztailaren 1etik aurrera Irani petrolioa erostea debekatu zien Bruselak batasuneko 27 kideei, baldin eta lehenago Iranek bere programa nuklearraren helburuak argitzen ez baditu. AEBen, Israelen eta EBren arabera, Teherango programa nuklearraren atzean arma atomikoak sortzeko asmoa dago; Mahmud Ahmadinejaden gobernuak, berriz, behin eta berriz azaldu du xede zibila duela bere programa nuklearrak.
Azken asteotan petrolioaren prezioak gora egin duela gogorarazi du Galebanik: Brent upelaren salneurrira 121 dolarrera iritsi da. Bada, Mendebaldeak Iranen kontrako borrokarekin jarraitzen badu, prezioa 150 dolarreraino igo daitekeela ohartarazi du. Bestalde, Iranen neurrien asmoa Brusela zentzatzea dela nabarmendu du Irango Parlamentuko Segurtasun Nazionalaren eta Atzerriko Politikaren Batzordeko presidente Alaedin Boruyerdik. «Mendebaldeak Irango petrolioa zigortzea erabaki du, baina guk prebentzio neurriak hartu ditugu eta aldez aurretik jarri dugu indarrean bahimendua [uztailaren 1a baino lehen], Mendebaldekoei logikaz jokatu behar dutela ulertarazteko».
Europako Batasunak, dena den, Iranen hornidura etenda ere aurrera egiteko adina petrolio duela erantzun dio Teheranen mehatxuari. Bruselak 136 milioi tona petrolio ditu erreserban, 120 eguneko kontsumoa asetzeko adina —90 eguneko kontsumoa asetzeko gaitasuna izatea da hornidura arriskurik ez egoteko eskatzen den gutxiengoa—. «Iranen inportazio guztiak bat-batean etenda ere, Europako kontsumitzaileek ez lukete berehalako eraginik igarriko», esan du Marlene Holzner EBko Energia bozeramaileak.
Harremanak inoiz baino gaiztoago daudenean, baina, Teheranek Europako Batasunarekin «lehenago zuen harremana» berreskuratzeko itxaropena duela esan du Ali Akbar Salehi Irango Atzerri ministroak. «Europarrak ezin dira gu barik egon, eta Iranek ere Europaren beharra du, antzinatik datozen harremanengatik».
Beste bisita bat
Iranen programa nuklearraren balizko helburu militarra dago Mendebaldeko zigor eta mehatxuen oinarrian. Horregatik, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako bost behatzaile bidali ditu berriro Iranera, bi egunetan Teheranen programa nuklearra aztertzeko. Herman Naeckerts IAEAko zuzendariorde eta misioaren buruak «bi egun on eta eraikitzaile» izateko itxaropena agertu du. «Lankidetza estuago bati buruz hitz egitera goaz».
Duela hiru aste bidali zuen IAEAk behatzaileen azken misioa Iranera, urtarrilaren 29tik 31ra bitartean. Elkarrizketak «giro onean eta eraikitzailean» egin zituztela azaldu zuen orduan Teheranek; behatzaileek, berriz, eztabaida gogorrak izan zituztela adierazi zuten, eta ez zutela egoitza nuklear bakar bat ere bisitatu.
Israel, berriz, Teheranen kontrako adierazpenen tonua igotzen ari da, Irango egoitza nuklearrei airez eraso egiteko mehatxua sendotuz. Dena dela, Israelen erasoa ez litzateke bideragarria izango AEBetako hainbat aditu militarrek The New York Times egunkariari azaldu diotenez. Tel Avivek 1.600 kilometrora izango lituzke jomugak, hegazkinak airean hornitzea eskatuko luke horrek, eta gerrarako ehundik gora hegazkin beharko lituzke. AEBetako militarren ustez, Israel ez da gai zailtasun tekniko horiei aurre egiteko. CIAko buru ohi Michael Haydenek ere esana du eraso eraginkorra egiteko aukera «Israelen ahalmenenetatik haratago» dagoela. Badaezpada, maniobra militarrak hasi zituen atzo Irango armadak herrialdearen hegoaldean, balizko erasoren bati aurre egiteko prest egoteko.
Petrolio esportazioa eteteko mehatxua egin die Iranek EBko estatuei
Besteak beste, Espainiari, Greziari eta Italiari eragingo lieke neurriak; baina EBren ustez, ez luke berehalako ondoriorik izangoIAEAko bost ikuskatzaile daude Teheranen, programa nuklearraren xedeak aztertzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu