AEBetan atzo 09:30ak zirenean gertatu zen. Louisianatik 130 kilometro hegoaldera dago Mariner Energy enpresa, eta hango petrolio plataforma batek eztanda egin zuen, eta hamahiru langileek uretara jauzi egin behar izan zuten. Leherketaren ostean, sute bat piztu zen. Lerro hauek idazteko unean, informazioa nahiko nahasia bazen ere, iturri ofizialen arabera, langileetako bat zauritua eraman zuten helikopteroan. Vermilion petrolio plataforma ez zen petrolioa ateratzen ari eztandaren unean; hala jakinarazi zuten, bederen, enpresako arduradunek. Horien arabera, 2008an Ike urakanak eragindako kalteak konpontzen ari ziren. Agintariek, baina, 1.600 metro luze eta 30 metro zabaleko petrolio orban bat aurkitu zuten eztanda izan zen tokitik gertu.
Kilometro gutxira dago apirilean lehertutako BP British Petroleumen plataforma. Hark azken urteetako natur hondamendi handiena eragin zuen AEBetan. Washingtonek abuztuan kaleratutako txostenaren arabera, apirila eta uztaila artean 4,9 milioi upel petrolio isuri zituen hondatutako hodiak itsasora. Kopuru horren %75 disolbatzea edo erretzea lortu dute, hala ere.
Jakin berri da BPk 72,6 milioi euro -3,9 milioi euro astean- bideratu dituela publizitatera, plataformako leherketa izan eta hurrengo hiru hilabeteetan, iaz epe berean xahututakoaren hirukoitza. Iragarki horietako gehienetan langileak ikus daitezke isuria garbitzen.
Petrolio plataforma bat lehertu da Louisianako kostaldean, AEBetan
Hamahiru langileek jauzi egin dute eta bat zauritu da; petrolio orban bat aurkitu dute plataformatik gertu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu