Piongiang prest da «gerra santuarekin» erantzuteko Seulen maniobra militarrei

Hego Koreako armadak lur eta aire maniobrak egin ditu mugatik 30 kilometrora; aurretik, itsasoan egin zituen

2010eko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Gatazka giroak gori-gorian jarraitzen du Hego eta Ipar Korea artean. Seulen armadak lur eta aire saio militar laburrak egin zituen atzo mugatik 30 kilometrora. Piongiangek «gerra santuarekin» erantzuteko mehatxua egin du, arma nuklearraren erabilera aipatuz.

Hego Koreako indar armatuen lur eta aire maniobrak Pocheongo eskualdean egin zituzten, hots, Ipar Korearekiko mugatik 30 kilometrora. Ordubete inguru iraun zuten maniobra horietan, 800 militarrek parte hartu zuten, 30 tanke, zazpi helikoptero eta sei gerra hegazkin baliatu zituzten, baita tankeen aurkako misilak eta erroketa jaurtigailuak ere, Hego Koreako Defentsa Ministerioak emandako datuen arabera. Aste honen hasieratik, berriz, Hego Koreako itsas armada maniobrak egiten ari da penintsulako ekialdeko itsas eremuan, bi herrialdeen arteko itsas mugetatik hurbil. Muga horiek, hain zuzen, ez ditu inoiz ontzat hartu Piongiangek, 1953. urtean Koreako gerra su-eten batekin amaitu zenetik.

Maniobra militar horiei ahobero iharduki zien atzo Ipar Koreak, «probokazio larri bat» salatuz. Ipar Koreako Defentsa ministro Kim Young-Chunen iritziz, Hego Koreako indar armatuak «eraso bat prestatzen ari dira». Piongiangek hori uste duela eta «zuzenbidezko gerra santu baterako» prestatzen ari direla jakinarazi du ministroak, eta horretarako «eskura» duten «ahalmen nuklearra» baliatuko dutela. KCNA informazio agentzia ofizialaren bidez eman zuen horren berri.

Tentsioa maila gorenean

Bi Koreen arteko tentsioak goren-gorenean daude, Piongiangeko militarrek azaroaren 23an Hego Koreako Yeonpyeong uhartea bonbardatu zutenetik. Azken urteotako eraso larrien horretan, lau hegokorear hil ziren, tartean bi zibil; 18 lagun zauritu ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.