«Ontziak minutu batetik bestera eztanda egin dezake, hain baita traza txarrean» aditzerat eman zuen Kuroiedovek, kazetarien aurrean egindako agerraldian, «eta hau are larriagoa da, eragile nuklear batek bultzatuta dagoela jakinez gero» gaineratu zuelarik. «Ontziaren barneetan, armada agintariak ibiltzen diren lekuetan dena txukun dago, baina ibiltzen ez diren tokietan, ostera, guztia egoera tamalgarri batean dago» gehitu zuen Errusiako Itsas Armadako buruak. «Egitate hauek gure gerra ontzidia hondamenera daramate» iritzi ziolarik, Kuroiedov almiranteak zehaztu zuen 'Piotr Veliki' ontzi nagusia Severomorskeko portuan geratuko den bi asteetan eta hor «makur horiek guztiak konpondu beharko» direla. Itsas Armadaburuak jakiterat eman zuen, halaber, ontzi nuklear honen traza txarraz ohartu egin zela, iragan otsailaren 17an, bertatik zuzendu zituelarik Barentseko itsasoan egindako maniobra militarrak.Errusian bertan zein mundu zabalean ere, harridura handia sortu dute adierazpen horiek, zeren eta, 'Piotr Veliki' Itsas Armada errusiarreko ontzi hoberena eta eraginkorrena bezala emana izan baitzen iaz. 1998.urtean itsasoratu egin zuten 19.000 tonako gerra ontzi hau, buru nuklearrez horni daitezkeen helmen luzeko 20misilez duntua dago. Neurri aipagarrikoa da, 253 metroko luzeera eta 28 metroko zabalera baitauka eta bere gillatik puntu gorenera 50 metroko altuera baitu. Guztira, 727 marineleko tripulazio bat darama eta bi hilabetez autonomia osoan egon daiteke itsasoan zehar. Errusiako Itsas Armada oso egoera txarrean dago, bai materialearen aldetik, bai marinelen moralaren kontutik. Kinka larri hau berriro nabarmendu zen joan den otsailean, 'Segurtasuna 2004' izeneko itsas maniobra militarretan bi urpeontzik misilak jaurtikitzean porrot egin zutelarik, Vladimir Putin Errusiako presidentearen begien aurrean. Presidentetzako kanpainan murgilduta zegoelarik, gertakari honek atsekabe handia sortu omen zion Putini eta albiste hau isilpean atxikitzea agindu zien hedabideei.Joan den martxoaren 17an egin zen beste saio batean, haatik, misil jaurtikitze hauek arrakastatsuak izan ziren. Lehen aldian ez bezala, Novomoskovsk upekontzi nuklearrak bi misil jaurti zituen eta hauek, 8.500 kilometroko distantzia baten buruan, Alaskako kosten parean kokatua den Kurako poligonoa jo egin zuten. Trebaldi militar hauek Kuroiedov almirantearen agintaritzapean egin ziren eta hauen karietara zen 'Piotr Veliki'gerra ontzian egon.
Itsas Armadako agintarien arteko etsaigoa izan daiteke
Errusiako Itsas Armada egoeraoso larrian izanda ere, Kuroiedov almirantearen adierazpen hauen atzean beste arrazoirik balitekeela uste dute hedabide batzuek.
Hala, Kommersant aldizkariak, izenik eman gabe, aipatzen zuen Itsas Armadako goi agintari baten arabera, 'Piotr Veliki'-ren traza txarraz egindako adierazpen horiek eta gerra ontzia bi astez portuan geldian egotera behartzea, bi armadabururen arteko etsaigoaren ondorio bat legoke.Zehazki, Vladimir Kuroiedoveta Igor Kassatonov almiranteen arteko ezinikusia litzateke auzi honen atzean eta 'Piotr Veliki'-rekiko lotura da ontzi horren komandantea Vladimir Kassatonov almiranteordea dela, hain zuzen ere Igor Kassatonoven iloba. Kontua da, Igor Kassatonovek kritika gogorrak egin dituela berriki Vladimir Kuroiedoven alderat, iragan agorrilaren 30ean gertatu zen K-159 urpeontzi nuklearren hondatzetik lana. Barentseko itsasoan gertatu zen istripu honetan, 9 marinelek bizia galdu zuten.Itsas Armadaren baitatik jasandako kritika hauez gain, Kuroiedovek hedabideetatik ere salaketarik pairatu du, hala nola 'Kursk' itsaspeko nuklearraren hondoa jotzearen ondorioz.Gertaera latz hau 2000ko agorrilean jazo zen, Vladimir Putin Errusiako presidenteak kargua hartu eta hilabete gutxira. Ezbehar horretan 118 marinelek bizia galdu zuten.
-
Istripuak
2003ko agorrila: K-159 urpeko nuklearra Barentseko itsasoan hondatzearen ondorioz, bederatzi marinelek bizia galdu zuten.
200oko agorrila: Kursk Errusiako urpeko nuklearra hondatu zen Itsaso Baltikoan, 118 marinelen heriotza eraginda.
2004ko otsaila: Barents itsasoan egindako ariketa militar batean, huts egin zuen urpeko batek misil balistikoak botatzeko saioan.