Kurdistango Langileen Alderdiak (PKK) uztailaren 15era arte luzatu du su-etena. Kurduen auzia negoziazioaren bidetik konpontzeko prest dagoela erakutsi nahi izan du gerrillak. Apirilean aldarrikatu zuen PKK-k su-etena, alde bakarrekoa. Orduan emandako menia atzo amaitzen zen; su-etena luzatuz, baina, Turkiako Gobernuari denbora gehiago eman nahi izan dio.
Turkiako analistak bat datoz kurduen auzian aurrerapausoak eman direla. Abdula Gul Turkiako presidente kontserbadoreari, halaber, «momentu historiko» hau alferrik galtzen ez uzteko eskatu diote. Turkiaren eta horren menpeko Kurdistanen (Ipar Kurdistan) arteko gatazkak, izan ere, ez du etenik izan duela hainbat hamarkadatik hona: PKKren eta Turkiako armadaren arteko borroketan 40.000 lagunetik gora hil dira, eta milaka herritarrek euren etxeak utzi behar izan dituzte. Eta apiriletik su-etena indarrean egon bada ere -Turkiak ez zuen onartu-, borrokak izan dira gerrillarien eta soldaduen artean; dozenaka soldadu hil dira ordutik.
Milliyet egunkariak Murat Karaylan PKK-ko buruzagiari orain gutxi egindako elkarrizketan, gerrillaren helburua jada ez dela independentzia lortzea jasotzen da. Karaylanen hitzetan, kurduen eskubide kulturalak eta etnikoak defendatzera zuzenduko dute euren borroka. Ipar Kurdistanentzat, halaber, autonomia gehiago eskatu du.
Petrolio esportazioak
Iraken menpeko Kurdistan autonomoa, bestalde, ofizialki petrolio esportatzen hasi zen atzo. Kirkukeko Gobernuak hainbat kontratu sinatu ditu atzerriko enpresekin; baina Bagdadek legez kontrakotzat jo ditu horiek guztiak. Horren ustez, Kurdistan autonomoko Gobernuak ez du eskumenik halakorik egiteko.
Kirkuk asteazkenean hasi zen petrolioa esportatzen; baina, atzo, ekitaldi ofiziala egin zuten hango agintariek. Aurrerantzean, Turkiako Ceyhan portutik aterako dira petrolio kurdua daramaten ontziak.
PKK gerrillak uztailaren 15era arte luzatu du su-etena Ipar Kurdistanen
Turkiako analistak bat datoz kurduen auzian aurrerapausoak eman direla, eta «une historikoa» dela diote
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu