PKK Kurdistango Langileen alderdiko gerrillariek urratsak egin dituzte Kurdistanen bake prozesuak aurrera egin dezan, ez, ordea, Turkiako gobernuak. Murat Karayilan buruzagiaren hitzak jaso ditu Firat agentziak, horren inguruan: "Estatua bere esku dagoen guztia egiten ari da prozesua saboteatzeko. Gerra prestatzen ari da".
Gerrillariak bereziki kritikatu du ez dituztela KCK-ko kide politikoak askatu. Alkate, zinegotzi eta diputatu kurdu asko daude espetxean, horietako asko behin-behineko espetxealdian, "talde terroristako kide" direla leporatuta.
"Fase berri bat hasiko bada, irtenbide demokratikoaren garaia, irtenbide politikoarena, orduan politikari kurduak askatu behar dira", nabarmendu du Karayilanek.