PKK Kurdistango Langileen Alderdiak eraso bat egin zuen igande gauean Turkiaren armadaren egoitzaren kontra, Turkiaren menpeko Kurdistango Beytussebap hirian, Sirnak probintzian, Siriako eta Irakeko mugatik gertu. Gerrillari kurduek Turkiako hamar soldadu hil zituzten eta beste zazpi zauritu, baina haiek ere tiroz erantzun zuten, eta hogei gerrillari hil zituzten. Firat informazio agentzia kurduaren arabera, atzo goizean ere borrokak izan ziren Beytussebap hirian, Turkiako soldaduen eta zibilen artean. Lagun talde batek bezperan hildako hiru gerrillariren gorpuak jaso zituzten, eta martxa bat egin zuten erasoa izandako lekutik hiriaren erdialdera. Soldaduek gelditzera behartu zituzten, eta orduan hasi ziren liskarrak. Firaten arabera, gainera, Sirnak probintzia osora hedatu dira protestak.
Bestalde, Sanliurfa probintzian ere borrokak izan dira gerrillarien eta soldaduen artean. PKK-k eraso egin zien igande gauean errepidean kontrolgunea jarrita zeuden soldaduei; lau lagun zauritu zituzten. Armadak, berriz, PKK-ko kide bat zauritu zuen, eta beste gerrillari bat hil egin zen, aldean zeraman bonba bat lehertuta.
Azken hilabeteetan ugaritu egin dira Turkiako armadaren eta PKKren arteko borrokak, eta Ankarak Siriako Gobernua jo du erruduntzat. Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroak salatu du Siria Turkiari eraso egiteko atzeragoardia bihurtu dela PKKrentzat, eta gerrillariak armatzea egotzi dio Baxar al-Assadi.
PKK-ko 20 kide eta Turkiako 10 soldadu hil dira borroketan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu