Sakine Cansiz PKK-ko sortzaileetako bat, Fidan Dogan Kurdistango Biltzar Nazionalaren ordezkaria eta Leyla Soylemez ekintzaile gaztea dira hildakoak. Frantziako Poliziaren arabera, arratsaldeko lehen orduan hil zituzten atzo, Actukurde.fr guneak zabaldu duenez, tiro egiteko isilgailuak erabilita. Paris erdian dago bulegoa. Atari horrek nabarmendu du hilketa Turkiako Gobernua eta Abdullah Ocalan PKK-ko liderra elkarrizketa zuzenak hastekotan direnean gertatu dela.
Gaur goizaldeko 01:00etan aurkitu dituzte gorpuak. Kurdistanen Informazio Zentroaren bulegora deituta, erantzunik jasotzen ez zutelako kezkatuta ziren hildakoen lagunak, eta hara joanda aurkitu dituzte. Bulegoaren sarreran odola zegoela ikusitakoan, atea behera bota, eta barruan aurkitu dituzte hiru emakumeak hilda. Frantziako Kurduen Elkarteen Federazioak hilketak salatzeko bilkurak egitera deitu du.