Asteazkenean PKK-k Turkiako 24 soldadu hil eta gero, nazioarteari laguntza eskatu dio Ankarak gerrillari kurduak garaitzeko. Iran izan da laguntza iragartzen lehena; PKKren eta PJAK Kurdistanen Aske Bizitzeko Alderdiaren aurka lankidetza indartzea adostu dute bi herrialdeek.
Ali Akbar Salihi Irango Atzerri ministroa Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroarekin eta Abdullah Gul presidentearekin bildu da, eta auzi kurdua «partekatutako arazoa» dela adierazi du.
Masud Barzani Iraken menpeko Kurdistango lurralde autonomoko presidenteak ere iragarri du Turkiarekin lankidetza indartuko duela, Erdoganekin bilera egin ondotik. AKP Justizia eta Garapenerako alderdiko hainbat kidek, baina, «eskualdeko herrialdeak» kritikatu dituzte, PKKri asteazkeneko erasoan babestu izanagatik. Izenik esan ez badute ere, adituek Siria, Israel eta Irani buruz ari zirela diote.
Bitartean, Turkiako armadak herenegun zabaldutako informazioa ukatu du, eta PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren aurkako operazioa batik bat Turkiako lurretan egiten ari dela jakinarazi du. Asteazkeneko erasoaren ondotik Ankarak «mendeku handia» iragarri zuen, eta horretarako 10.000 soldadu inguruk lurrez Irakeko muga zeharkatu zutela zabaldu zuten, baina armadak dio komunikabideek informazioa «gaizki interpretatu» dutela. «Aireko eta lurreko operazio gehienak herrialdeko mugen barruan egiten ari gara, Çukurca eskualdean batik bat».
Irtenbide militarra auzitan
Mugaz gaindi ere airez nahiz lurrez erasoak martxan direla aitortu du, baina, Ankarak. Hori ezer berria ez dela diote lekukoek, abuztuaz geroztik eguna joan eta eguna etorri egin baitituzte bonbardaketak eta bestelako operazio militarrak mugaren beste aldean. Asteazkeneko erasoaz geroztik Diyarbakirgo aireportu militarrean, dena den, ohi baino joan-etorri gehiago egiten ari direla dio Firat agentzia kurduak, eta hainbat hegazkin Irakerantz bideratu direla. Horrez gain, Yekmal eta Belican herrietan, mugatik oso gertu, tropak biltzen ari da armada, Firaten arabera.
26 aldiz zeharkatu du Turkiako armadak Irakeko muga lurrez 1983tik. Azkena 2008an izan zen, 6.000 soldadurekin. Auzi kurduaren irtenbideak militarra ezin duela izan agerian uzten du horrek, adituen arabera.
PKKren aurka borrokatzeko akordioa egin dute Turkiak eta Iranek
Ankara PKKren aurkako bonbardaketak egiten ari da; Irakeko mugatik gertu tropak biltzen ari dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu