Hauteskunde eguna normaltasunez joan da. Bozkalekuak 09:00etan ireki dituzte, eta aurretik jendea bazegoen itxoiten. Azaroaren 9ko ilara luzeak ez badira egon ere, jende andana gerturatu da bozkalekuetara, eta hainbatetan ilarak sortu dira. Parte hartzea aurreko hauteskundeetan baino handiagoa izan da.
Hautagaiek goizean eman dute botoa. Artur Mas Generalitateko presidentea eta Junts Pel Si-ko zerrendan laugarrenak adierazi du hauteskundeak "jarritako oztopoen gainetik, demokraziaren garaipena" direla. Ikusmin handia sortu du Masen bozkatzeko uneak. Hamaika herrialdeetako medioak eta pertsona ugari bildi dira. Tentsio uneak ere izan dira, bertan zeuden batzuek PPko ikurrak eta Espainiako banderak atera dituzte. Orduan beste batzuek independentziaren aldeko ohiuak bota dituzte. Botoa eman eta gero, adierazpenak egin ditu Masek: "Gaur modu batera edo bestera, Katalunia haren patuarekin aurrez aurre jarriko da".
Raul Romeva Junts Pel Si-ko zerrendaburuak gaurko emaitza errespetatu dadila eskatu du. "Jendeak hitz egingo du eta beharrezkoa izango da herriaren agindu demokratikoa betetzea. Ziur nago emaitza bat izan edo beste, guztiok errespetatuko dugula". Oriol Junqueras ERCko presidentea eta Junts Pel Si-ko zerrendako bosgarrena lasai dago, uste baitu kanpainia "sendoa" egin dutela. "Orain herritarren epaia ezagutzea baino ez zaigu geratzen". Antonio Baños CUPeko zerrendaburuak Bartzelonako Nou Barris auzoan bozkatu du. "Jakin nahi duguna da gure jendeak zer nahi duen, zer nahi duen Kataluniako herriak".
Lluis Rabell Catalunya Si Que Es Poteko hautagaiak parte hartzearen aldeko deia zabaldu du: "Berebiziko garrantzia dute hauteskunde hauek, eta gero eta jende gehioagok bozkatuz gero, orduan eta zilegitasun handiagoa izango du emaitzak". Josep Antoni Duran i Lleida Unio Democraticako buruak ere bide beretik jo du: "Nahiko nuke jendea ohartzea zeinen garrantzitsuak diren hauteskunde hauek, eta ahal bezain beste pertsona botoa ematera joan dadila". Unio eta CDC elkarrekin ez doazen lehen hauteskundeak dira hauek. Ikusteko dago beraz, zenbat eserleku lortzen dituzten.
Miquel Iceta PSCko hautagaiak nahiko luke Kataluniako hauteskundetan inoiz egon den parte hartzerik handiena egotea: "Hauteskunde hauen helburua jende guztiarengana heltzea da. Denek informazioa izan dezaten, eta horrela erabaki libre bat hartu ahal izateko". Alicia Sanchez Camacho PPko Kataluniako buruak esan du "Katalunia eta Espainiako historiako hauteskunde garrantzitsuenetarikoak" direla gaurkoak, Camachok ere parte hartzerako deia egin du: "Jendea masiboki bozkatzera joan dadila nahiko nuke, gaur erabakiko baitugu Katalunia eta Espainia zer izango diren". Albert Rivera Ciutadanseko presidenteak uste du Generalitateko gobernuan "aldaketa behar dela Katalunian etapa politiko berri bat irekitzeko".
David Fernandez CUPeko parlamentari ohiak, berriz, uste du boto independentista "erabat" mobilizatu dela, eta zalantza dela zenbateraino mobilizatu den boto unionista. Edonola ere, "herri hau jada ez da berdina", erantsi du.
[Youtube]https://youtu.be/LFfrQ-ACQFY[/Youtube]
Katalunian gertatzen ari denaren zuzeneko jarraipena egin dute Twitter bidez Samara Velte, Saioa Baleztena, Mikel Peruarena eta Martxelo Otamendik.