Pneumatiko erreen erresuman

Matxinadaren erdian Bahrainera 1 Formulako Sari Nagusia itzuli dela eta, oposizioko taldeek protestak hasi dituzte

mikel rodriguez
2012ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
«Pneumatikoen hondatzea arazo bat izanen da guztiontzat». Lewis Hamilton 1 Formulako gidariaren kezka nagusia da, bihar jokatzekoa den Bahraingo Sari Nagusiari begira. Azken urtebetean, ordea, herrialdean protagonista izan diren pneumatiko bakarrak manifestariek su emanda karriketan botatakoak izan dira. Erresumako agintariak eta FIA Nazioarteko Automobilismo Federazioa ados paratu dira proba berriz ere Bahrainera bueltatzeko, iaz istiluak zirela-eta bertan behera utzi ondoren. Oposizioak, ordea, «amorrurako hiru egun» antolatu ditu, agintariek eta nazioarteak matxinada ahanzturan murgilduta usteltzen utzi duten bitartean, milioika euro mugitzen dituen lasterketa bat bueltatzeko ahalegin berezia egin dutelako.

Manama hiriburuan, baimendutako manifestazio bat egin zuten atzo arratsaldean 3.000 lagun inguruk, baina Polizia negar gasarekin oldartu zitzaien protestaren amaieran, Al Jazeerak jakinarazi duenez. Hiriburuaren inguruko herrietan, ordea, herenegundik istilu gogorrak izan ziren. Poliziak gasa ez ezik, zarata sortzen duten granadak eta perdigoi tiroak ere jaurti zizkien manifestariei, «dozenaka lagun» zauritzeraino, Al Jazeerak lekukoak aipatuz dioenez. Protestan zirenek molotov koktelak jaurtiz erantzun zuten. Manifestariek Herriak erregimena bota nahi du! eta Hamad kanpora! leloak oihukatu zituzten —Hamad bin Isa al-Khalifa da Bahraingo erregea—, iturri berberaren arabera. Al Jazeerak ez du Manaman duen berriemailearen izena argitaratu, «Bahraingo agintariek inposatutako debekuengatik».

Protestak antolatu dituzten talde nagusiak, berriz, Otsailak 14 Gazte Mugimendua —izena iaz matxinada hasi zen egunetik datorkio— eta Al-Wefaq oposizioko alderdi handiena izan dira —nagusiki xiitek osatua—. Al-Wefaqen arabera, bi egunetan 70 lagun inguru zauritu ditu Poliziak, eta 80 atxilotu. «Mezu bat igorri nahi dugu», jakinarazi dio Bahraingo Giza Eskubideen Gazte Elkarteko kide batek BCCri. «Iraultzak segitzen du, eta Bahrainen oraindik giza eskubideak urratzen dira». Nabeel Rajab izeneko ekintzailea, berriz, ezkor agertu zaio Erresuma Batuko kateari. «Protestak nazioartean oihartzuna izaten ari dira atzerriko kazetariak 1 Formularengatik hemen daudelako. Haiek joaten direnean, errepresioak jarraituko du, baina mundua ez da horretaz arduratuko».

Agintariek, ordea, sari nagusia eginen dela ziurtatu dute, eta herrialdera ekarriko dituen irabazi ekonomikoak goraipatu dituzte. Salman bin Hamad al-Khalifa printzeak erran du, gainera, «komunitateen artean zubiak eraikitzeko» balioko duela lasterketak.

Joko geopolitikoen biktima

Bahraingo matxinada herrialde arabiarretako bertze erreboltekin batera lehertu zen iaz. Berezitasun bat zuen, ordea: matxinadaren protagonista gehiengo xiita bihurtu zen —herritarren %70 inguru—, gutxiengo sunitak politikoki eta ekonomikoki baztertuta zituelako kexu baitziren. Errege familia bera, al-khalifatarrak, sunitak dira. Horregatik, errebolta eskualdeko joko geopolitikoaren biktima izan da, Persiako golkoko herrialdeak eta AEBak xiitek boterea eskuratzearen beldur baitira, horren ondorioz Iranek aliatu bat irabaz lezakeelakoan.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.