Kataluniako prozesu subiranista

Poble Lliurek salatu du CUPek emandako hitza urratu duela Mas inbestitzeari ezetz esanez

Komunikatuan, alderdiak ohartarazi du ez duela babestuko CUPen hautagaitzarik haren helburu nagusia alde bakarreko erreferenduma egitea bada.

CUPen Kontseilu Politikoaren bilera, joan den igandean. EFE
2016ko urtarrilaren 6a
10:38
Entzun

CUPeko Kontseilu Politikoak joan den asteburuan hartutako erabakia hautsak harrotzen ari da oraindik. Artur Masek berak atzo egindako agerraldiaren ostean, CUPen barruko Poble Lliure alderdiaren txanda izan da orain. Jendaurrean zabalduriko gutun batean, taldeak salatu du Masen aurkako CUPeko kideek jan egin dutela "prozesu independentistaren berme eta bultzatzaile" izateko emandako hitza. "Negoziazio guztia pertsona baten izenaren inguruan egin da, eta horrek ondorioak ekarriko ditu. Orain, Kontseilu Politikoaren ardura izango da horiek kudeatu eta gertatzen denaren erantzukizuna onartzea".

Horretaz gain, Poble Lliurek ohartarazi du ez duela babestuko CUPeko hautagaitzarik independentzia alde batera uzten badu eta helburu gisara alde bakarreko erreferenduma jartzen badu: "Horrek soilik mugimendu independentista ahultzeko balioko luke, eta horixe da, hain zuzen, En Comu Podem taldearen asmo nagusietako bat".

Azkenik, CDC eta ERCren jarrera ere salatu du oharrean. Bi taldeei leporatu die alderdikeriaz jokatu izana, eta ohartarazi igandera arteko denbora dutela orain arteko diskurtsoa aldatzeko.

Elkarretaratzeak akordio eske

ANC Kataluniako Batzar Nazionalak elkarretaratzeak antolatu ditu bihar arratsalderako, Bartzelonan eta Gironan, eskatzeko irailaren 27ko bozen ostean emandako hitza bete eta alderdi independentistek akordioa hitzar dezaten. "Eskatzen diegu alderdi independentistei egin dezatela ahalegin bat presidentea aukeratu eta prozesu konstituziogilea ahalbidetuko duen gobernua osatzeko".

Azken aukera

Generalitateko jarduneko presidenteak datorren astelehenean bozak aurreratzeko dekretua sinatuko duela iragarri ostean, CUPek eta Juts pel Sik negoziazioetarako epeak agortzeko asmoa agertu dute. Horiek hala, bihar egingo dute hurrengo bilera, koalizio gobernua ahalbidetuko lukeen erdibideko puntua aurkitu asmoz. Dena den, ikusita lehenak ez duela Masen alde bozkatuko eta bigarrenak ez duela beste izen bat aurkeztuko, ia ezinezko dirudi akordioak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.