Ezustean harrapatu zituen guztiak seismoak. Uharte osoa astindu zuen arren, Port-au-Prince hiriburuan eragin zuen kalte handiena. Badira bost urte ordutik, baina herrialdeak ezin izan du bere onera itzuli. Orduan etxerik gabe geratu ziren herritarretatik askok behin-behineko txaboletan bizitzen jarraitzen dute.
Sesimoak berak eragin zuen hondamemdiaz gain, gerora eta baliabide eskasen eraginez, malaria izurritea ere zabaldu zen Haitin, ehunka hildako eraginez.. Bestetik, lapurretak eta batez ere emakumeen aukako indarkeriak nabarmen egin zuten gora hurrengo hilabeteetan, segurtasun ezaren ondorioz.
Ordu hartan, ohikoa den moduan, gobernu eta nazioarteko erakundeek dirutza iragarri zuten herrialdeari laguntzeko. Diru horren zati handi bat ez da, hala ere, haitiarren eskuetara heldu. Hala salatu dute gobernuz kanpoko erakundeek. NBEren datuen arabera, iragarritako 9.000 milioi dolarretatik soilik %10 inguru heldu da Gobernuaren eskuetara. Beste guztia atzerriko taldeen esku geratu zen.
"Asko ez dira ohartzen atzerriko erakundeak diru horretaz baliatzen direla unean uneko laguntza eskaintzeko, eta ondorioz, bertako erietxe eta bestelako erakundeek ez dutela diru horren laurden bat ere jasotzen. Horrek ondorio larriak dakartza luzera", gaitzetsi du NBEko ordezkari bereziaren bulegoko kide Paul Farmerrek.