Iazko urtarrilean hasi ziren arazoak, Hamasek hauteskundeak irabazi zituenean. Israelek, EBk eta AEBek hiru baldintza nagusi jarri zizkioten gobernu berriari, diru laguntzak jasotzen jarraitu nahi bazuen: Israel onartzea, indarkeria amaitzea eta ordura arte sinatutako bake akordioak betetzea. PANeko lehen ministro Ismail Hania, ordea, ez zegoen halakorik egiteko prest, Israel lur okupatuetatik erretiratu ezean. Horiek horrela, iazko apirilaren 7an eten egin zituen nazioarteak zuzeneko diru laguntzak. Handik egun batzuetara, EBko atzerriko ministroek bat egin zuten Europako Batzordeak hartutako erabakiarekin. Hori nahikoa ez, eta Israelek ez zizkion PANi itzuli lur okupatuetan bildutako zergak.
GIZA LAGUNTZAK GORA. Mendebaldeko gobernuek zuzeneko laguntzak eten arren, giza laguntzarako emandako diru kopuruak gora egin du nabarmen azken urtean. Diru hori, baina, gobernuz kanpoko erakundeek kudeatzen dute, ez Palestinako agintariek; eta laguntza behar dutenei ematen diete zuzenean.
Washingntonek, esaterako, 203 milioi euro eman dizkio Palestinari NBE Nazio Batuen Erakundeko giza laguntzarako erakundeen bitartez. Aurreko urteekin alderatuta %57 egin du gora AEBek giza laguntzara bideratutako kopuruak. EBren laguntzak, berriz, %30 egin zuen gora 2005ean emandakoarekin alderatuta. 696 milioi euro eman zituen iaz Bruselak NBEren bitartez. Orotara, NBEko Giza Laguntzaren Koordinaziorako Bulegoaren bidez 897 milioi euro inguru jaso zituzten palestinarrek.
Nabarmen egin du gora MEP Munduko Elikadura Programaren laguntza jasotzen duten palestinarren kopuruak ere. Egun 600.000 inguru dira. Dena den, Gazan egoera askoz okerragoa da Zisjordanian baino. PANen esku utzitako lur eremu txikian palestinarren %80 inguru bizi dira pobrezian; Zisjordanian, berriz, %60 inguru. Arazoa da, Gaza berez palestinarren kontrolpean egon arren, Israelek nahi bezala irekitzen duela palestinarrek Egiptora igarotzeko duten pasabide bakarra, Rafakoa. Israelek soilik berak esportatzen dituen gaiak saltzeko irekitzen du muga. Ondorioz, arazoak izaten dira nagusi salerosketak egiterakoan.
Gazan bertan, zail da esnea edo okela erosteko dirua duen norbait aurkitzea. Bide beretik, gutxi dira lana duten palestinarrak ere, eta are gutxiago soldata jasotzen dutenak. Adibide bat: 2006an funtzionarioen soldatak %17 igo zituzten, baina ezin izan zuten igoera kobratu, PANeko Gobernuak dirurik ez zuelako.
Hamasek eta Al Fatak sortu berri duten batasun nazionaleko gobernuak nazioartearen jarrera aldatzea lortu ezean, arazo ekonomikoek gora egingo dute. Adituen arabera, iaz defizita 716 milioi eurokoa izan zen, eta aurten 823 eta 972 milioi euro artekoa izango da. Israelek zergen bidez jasotako dirua PANi itzuli ezean, ordea, defizita 1.490 milioi eurora irits daiteke. Horrek guztiak, pobreziaren gorakada ez ezik, enfrentamenduak ugaritzea ere eragin dezake. Horren adibide izan dira duela hilabete batzuk PANen egoitzen kanpoaldean funtzionarioek egindako protestak.
Urrats gehiago egiteko eskatu dio Mendebaldeak Hamasi
a. e.Al Fatarekin batasun nazionaleko gobernua osatzea ez da aski. Bake bidean jarraituko duen frogak nahi ditu nazioarteak Hamasen aldetik; bestela, harekin hitz egin gabe jarraituko du. Dena den, badira gobernu berrian aukera bat ikusten dutenak ere. Frantzia, esaterako, PAN Palestinako Aginte Nazionala berriz diruz laguntzen hastearen alde agertu da, betiere hark nazioartearen baldintzak betetzen baditu. Aldi berean, ordea, iragarri du ez duela negoziatuko Hamasekin, haiek indarkeria amaitzen ez duten bitar-tean.
Frantzia bezala, Europako Batasuna eta AEB Ameriketako Estatu Batuak ere prest agertu dira Al Fatako kideekin hitz egiteko; ez, ordea, Hamasekoekin. Hiru baldintza jarri dizkiote Hamasi: Israel onartzea, bake akordioak betetzea eta indarkeria amaitzea.
Horiek horrela, gaur egun herrialde arabiarrak dira Hamasen gobernuari sostengua agertzen dioten bakarrak. Dena den, batasun nazionaleko gobernua osatu izanak Mendebaldeak harekin duen jarrera malgutzea eragin du. Zenbaitek, Norvegiako Gobernuak kasu, txalotu egin dute akordioa. Luisa Morgantini Europako Legebiltzarreko presidenteordeak gobernu onartzeko deia egin dio nazioarteari. Israelek, ordea, ez ditu begi onez ikusi bi horien jarrerak. Ondorioz, Norvegiako Gobernua PANeko lehen ministro eta Hamaseko kide Ismail Haniarekin bildu ostean, herrialde hartako ordezkari batekin zuen bilera bertan behera utzi zuen Israelek.
KONFIANTZA ESKE.Gobernu berriko Planifikazio ministro Samir Abu Eishak exekutibo berriarekin hitz egiteko eskatu dio nazioarteari. Haren iritziz, urrats bat da Europako Batasuna Hamasekoak ez diren ministroekin hitz egiteko prest agertu izana, azken finean Israelek ez duelako inorekin hitz egin nahi. Baina hori ez da nahikoa Eisharentzat: «Koalizio gobernuen kasuan, kide guztiekin hitz egin behar da». Duela urtebete indarrean jarritako boikota amaitzea eta diru laguntzak zuzenean Finantza ministroarekin negoziatzea eskatu dio Eishak Mendebaldeari. PANeko Finantza ministro Salam Faiad datorren asteazkenean joango da Bruselara.