Segurtasun Legea izan zen lehenik, eta Txinako ereserki nazionalaren aurkako «irainak» zigortzea helburu duen lege proposamena bigarrenik. Atzo Hong Kongeko legebiltzarrean aurkeztutako egitasmoaren arabera, hiru urte arteko kartzela zigorra eta 6.000 euroko isuna jaso dezake zigortuak. «Banako nahiz erakunde orok errespetatu eta goratu behar du Txinako ereserki nazionala, baita abestu ere hala dagokionean», dio proposamenak, eta zehazten du lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleek ereserkia eta haren historia ikasi beharko dutela.
Hong Kongen ohikoak bilakatu dira ereserkiaren aurkako oihu eta txistuak hura jartzen duten aldiro, esaterako futbol partiduen hasieran. Hala, manifestariek uste dute eskualde autonomoan esku hartzea dela legearen helburu nagusia. Protestak deitu dituzten demokraziaren aldeko mugimenduek salatu dute Hong Kongeko herritarren eskubideak murrizten ari dela Pekin azken erabakiokin.
Protestarik izan ez zedin, milaka poliziak hartu dituzte Hong Kongeko kaleak legebiltzarra azken lege proposamena eztabaidatzen ari zen bitartean. Joan den asteartean parlamentuko osoko saioa hasi zutenetik, haren inguruko errepideak itxi egin dituzte segurtasun indarrek, eta merkataritza guneak ere itxita daude.
Legebiltzarreko eztabaida saioa eragoztea zen demokraziaren aldeko mugimenduen helburua, eta protestak egitera deitua zuten bai azken lege proposamenaren aurka eta baita Txinak bihar onartu asmo duen Segurtasun Legearen kontra ere. Goizeko lehen orduetan, Poliziak negar gasa jaurti die legebiltzarra inguratzen eta inguruko kaleak ixten saiatu diren manifestariei, eta, zenbait iturriren arabera, 300dik gora manifestari atxilotu ditu.
Atxilotutakoei «baimendu gabeko elkarretaratzeetan parte hartzea» egotzi diete, eta bi adingabe daude horien artean, 14 urtekoa bata eta 15 urtekoa bestea. Azken horiek arnasa hartzeko tresnak eta kaskoak eramateagatik atzeman dituzte. Segurtasun indarren Facebookeko euren kontuan zabaldu dutenez, «errespetuz eta kontu handiz» jokatu dute manifestarien aurka. Lekukoek, ordea, bestelakorik salatu dute. Sare sozialetan zabaldutako irudietan ikus daiteke, adibidez, poliziek bazter batean zutik zegoen gizon baten aurka jotzen dutela, lurrera botatzeraino.
Another round of pepper balls on Pedder St. pic.twitter.com/Y6UCzzlg7z
— Xinqi Su è˜‡æ˜•çª (@XinqiSu) May 27, 2020
Hong Kongeko legegileen elkartearen arabera, lehen aldia da Hong Kongek Txinan egina dirudien lege bat proposatzen duela. «Beharrezkoak dira halako arauak, baina honen zenbait puntu gehiegizkoak dira. Eromena izango da indarrean sartzen bada», ohartarazi du erakundeak.
Pekinen presioak
Carrie Lam gobernuburuak defendatu egin du legea, eta nabarmendu du «errespetua bultzatzea» dela proposamenaren helburu nagusia, eta inola ere ez adierazpen askatasuna mugatzea: «Batzuek asmo txarrekotzat duten arren, ez du inolaz ere askatasunik mugatuko».
Uztailean amaituko da Hong Kongeko gobernuaren lau urteko agintaldia, eta Pekinek estu hartu du eskualdea hainbat lege onar ditzan data hori baino lehen, tartean ereserkiari lotutakoa. Iazko barrutietako bozetan demokraziaren aldeko mugimenduak irabazi zituen ordezkaritza ia guztiak, eta Pekinen babespeko Hong Kongeko gobernua beldur da irailean egitekoak dituzten bozetan ere hori bera gertatuko ez ote den.
Litekeena da ereserkiaren inguruko araudiarekin bigarren eta hirugarren bozketen beharra izatea aurrera egin ahal izateko, eta horiek huts egingo balute dekretu bidez onartzeko aukera ere izango luke Lamen gobernuak.