FRANTZIAKO LISKARRAK

Poliziak egoera baretu dela esan eta amaitutzat eman ditu istiluak

Asteazken gauean gazteek 98 auto kiskali zituzten bazter auzoetan, eta Poliziak 33 pertsona atxilotu zituen

Erredakzioa
2005eko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Frantziako Poliziak asteazken gauean liskarrak baretu egin zirela eta herrialdea «egoera normal batera» bueltatu dela esan zuen atzo. Iragan urriaren 27an piztutako istiluak, beraz, amaitutzat eman zituen. Gau horretan, baina, 98 auto erre zituztela zehaztu zuen. Kopuru hori, baina, normaltzat jo zuten. Gau horretan 33 gazte atxilotu zituzten. Urtarrila eta urria bitartean hau da, liskarrak hasi aurretik 28.000 auto erre zituztela argudiatu zuten poliziek. Iragan urriaren 27tik, liskarrak piztu zirenetik, berriz, 9.021 auto erre dituzte. 2.921 gazte atxilotu dituzte haietatik 597 kartzelan dira egun.

NBE Nazio Batuen Erakundeko Torturaren Kontrako Batzordeak, bestetik, liskarretan parte hartu duten immigranteak kanporatzeko erabakiarekin kezkatuta dagoela eman zuen aditzera atzo. Nicolas Sarkozy Barne ministroak 120 etorkin, legezko egoeran daudenak barne, kanporatuko zituztela iragarri zuen iragan astean. DST polizia zerbitzuko buruak «islamista integristek» ez dutela liskarretan esku hartu adierazi zuen.

Dominique de Villepin lehen ministroak, bestetik, bazter auzoetan izandako liskarren «errudunak» ez bilatzeko deia egin zuen atzo: «Zailtasunen aurrean beti daude irtenbide anitzak. Aurreneko zatiketa da, errudunak bilatzea, alegia, eta bigarrena, mobilizatu eta neurriak martxan jarri». Gerard Larcher Enplegua, Lana eta Gazteen lan integraziorako ministrordeak eta Bernard Accoyer UMP alderdi kontserbadoreko diputatuen buruak egindako adierazpenen harira mintzatu zen Villepin.

Poligamiaren eta bazter auzoetako liskarren artean loturak egitea salaketa oldea eragin du. Frantzian bizi diren «etorkin familia batzuetan egon ohi den poligamia», azken garaiotan gertatutako kale indarkerien eragileetako bat izan daiteke ministrordearen arabera. Ezkerreko indar politikoen eta giza eskubideen defentsarako taldeen salaketaz gain, gobernuan bertan ere esaldi hauek zuzenketarik eragin dute.Jean-Francois Cope Gobernuko eledunaren arabera, «poligamia egoeren eta gertakari larri hauen artean ezin da lotura esturik egin». Daniel Vaillant diputatu sozialista eta Barne ministro izandakoaren iritzian, bazter auzoetan bizi diren arazoekin poligamiak zerikusia duela esatea «jendeari iseka egitea da». SOS Arrazakeria erakundeak, aldiz, arduragabetzat jo zituen adierazpenak eta bilatzen dena arreta zinezko arazoetatik saihestea da. Gobernuak haurren gerizatzailea izendatu Claire Brisset goi arduradunak ere gaitzetsi zituen adierazpenak. Jacques Chirac presidentearekin atzo izan zuen hizketalditik irtetean gaineratu zuenez, «benetako egoera bat da, ostera, hainbat familia bizi izan daitezen, kopuru handiegietan, traza txarreko etxebizitzetan». Auzo horietan pairatzen den langabezia larria, pobretasuna eta prekarietatea zinezko arazoak dira, bere ustez,eta bertan egin beharko liratekeen aldaketez proposamen txosten bat helarazi zion presidenteari.

ALERTA EGOERA



 

«Erasoak gertatzeko zinezko arriskuak daude»





Frantzian, gaur egun, «erasoterroristak gertatzekozinezko arriskuak» daudela adierazi zuten atzo Dominique de Villepin lehen ministroak eta Nicolas Sarkozy Barne ministroak. Vigipirate segurtasun planeko neurriak, ildo horretan, maila gorenean mantenduko dituztela zehaztu zuten bi agintari gorenek.

Frantziarrak terrorismoari aurrez-aurre jardunaldien karietara egin zituzten adierazpenak, Parisen. Villepin lehen ministroak horrela zehaztu zuen: «Gaur egun herrialde bakar bat ere ez da terrorismoaren arriskutik kanpo dagoenik; Frantziaren aurka erasoak gertatzeko zinezko arriskuak daude; hortaz, Vigipirate plana bere maila gorenean mantentzea erabaki dut». Sarkozyk ildo beretik jo zuen: «Frantzia terrorismotik babestua dagoenik ez da uste izan behar». Barne ministroak azpimarratu zuen bere hitz hauek datu zehatzetan oinarrituta daudela, eta «terrorismoaren aurka diharduten polizia zerbitzuek jasotako seinale eta argibideek» jendearen aurrean ohartarazpen hauek egitera bultzatu dituztela.

Lehen ministroaren arabera, euren aurka egiteko gogoa luketen «talde terroristak» baliabide guztiak erabiltzeko prest leudeke eta ohi kanpoko armez ere baliatu litezke «hala nola arma bakteriologiko, kimiko edo erradiaktiboez». Villepin eta Sarkozyren iritziz «aldakorrak eta irudimentsuak bilakatu diren arrisku hauei»aurrea hartu behar zaie. Horretarako «informazio bilketaren garapena eta atzerriko polizia zerbitzuekiko elkarlana» sustatu behar dira. Frantziako Legebiltzarrak datorren astean eztabaidatzen hasiko da terrorismoaren aurkako legea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.