86 egun igaro ondoren, atzo goizean -arratsaldean Euskal Herrian- Hondurasera sartzea lortu zuen Manuel Zelaya estatu kolpez kendutako Hondurasko presidenteak eta berri horren aurrean, tentsioa nagusitu da hiriburuan, berriro ere. Poliziak Tegucigalpako Brasilgo enbaxadaren aurrean zeuden Zelayaren jarraitzaileak sakabanatu ditu gomazko bala eta malko gasekin. Izan ere, atzo hiriburuko Brasilgo enbaxadan zegoela jakinarazi zuen Zelayak eta ordutik haren jarraitzaileak han bildu dira.
"Azken orduetako gertaeren ondoren lasaitasuna, bizitza eta hondasunak babesteko" xedearekin, Michelettik etxeratze- agindua ezarri du gaur, eta arratsaldeko seiak arte, gauerdia Euskal Herrian, iraungo du. Gainera, Hondurasko lau aireportuak ixteko agindua eman du. Brasili Zelaya Justiziaren esku uzteko eskatu dio Michelettik. Nazioarteak, berriz, Zelayaren segurtasuna bermatzeko eskatu dio de facto-ko presidenteari.
Europako Batasunak (EB) bere aldetik, indarkeria sor dezaketen ekintzak saihesteko eskatu die gaur Zelaya eta Roberto Micheletti Hondurasko de facto-ko presidenteari. Zelaya agintetik kendu zutenetik indarkeria kasuak ohikoak izan dira Hondurasen. Besteak beste, Michelettik Zelaya kargutik indarrez kentzeak eta honi herrialdean sartzea debekatzeak, haserrea piztu zuelako.
Hondurasko krisiari irtenbidea aurkitzeko modua, bi aldeen arteko negoziazioa dela uste du EBk, akordio baketsu baten beharra. Hori lortzeko bidean, EBk orain arte Hondurasi ematen zizkion diru-laguntzak eten ditu, egoera bere onera etorri arte behintzat.
honduras
Poliziak Zelayaren jarraitzaileak sakabanatu ditu Brasilgo enbaxada aurretik
86 egun ostean, atzo Hondurasen sartzea lortu zuen Manuel Zelayak, estatu kolpez kargutik kendu zuten presidenteak. 'De facto'-ko presidenteak, Roberto Michelettik, etxeratze-agindua ezarri du gaur arratsaldera arte eta herrialdeko lau aireportuak ixteko agindu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu