Poloniako Nekazaritza Ministerioan agerian gelditutako ustelkeria kasuak kolokan jarri du Poloniako koalizio gobernua. Koalizioa PO Herritarren Plataformak eta PSL Poloniako Nekazarien Alderdiak osatuta dago. PO alderdiak jaso zuen boto gehien 2011ko hauteskundeetan. Baina gobernatzeko gehiengorik ez zuenez, PSLrekin, zeinak bozen %5 lortu zituen, osatu zuen koalizio gobernua. Nekazaritza Ministerioa PSLren esku dago, eta Marek Sawicki Nekazaritza ministroak dimisioa aurkeztu zuen joan den ostegunean, ministerio horretako bi goi kargudun ohiren arteko elkarrizketa ageri den bideoa argitara irten ostean. Gainera Varsoviako barrutiko Fiskaltzak Sawickiren aurkako ikerketa hasiberri du.
Bideoan, KZRKiOR Nekazarien eta Nekazari Elkarteen Batasun Nazionaleko presidente Wladyslaw Serafin eta ARR Nekazaritza Merkatuaren Agentziako presidente ohi Wladyslaw Lukasik ageri dira. Bien arteko elkarrizketa Nekazaritza Ministerioko ustelkeria handiaren ingurukoa da. Zehazki, Elewarr gari biltegian lan egiten duten PSLko kideek gehiegizko ordainsariak jasotzen dituztela eta Nekazaritza Ministerioko kargudunek diru publikoarekin bidaia exotikoak egin dituztela kontatzen dute Serafinek eta Lukasikek. Horretaz gain, ARRko presidente ohiak Sawicki Nekazaritza ministroari funts publikoa bidegabeki erabiltzea egozten dio, eta Nekazaritza Ministerioko ustelkeria kasuetan nahastuta egotea leporatzen dio bideoan.
Bestalde, Varsoviako Fiskaltzako bozeramaile Dariusz Slepokurak adierazi duenez, herrialdeko zenbait agintari ikertzen ari dira. Gaineratu du aberastasun publikoa beren interesetarako baliatzea zein boterea neurriz kanpo erabiltzea egozten zaien agintariei hamar urtera arteko espetxe zigorra ezarri dakiekeela. Bestalde, Slepokurak ere baieztatu egin ditu Elewarr biltegiko ordainketetako «irregulartasunak». Azaldu duenaren arabera, Poloniako Auzitegi Gorenak 2008tik 2010era egindako ikerketan atzeman zituzten irregulartasun horiek. Hain justu, enpresako zuzendari Andrzej Smietankok dimisioa aurkeztu du dagoeneko.
Hauteskundeak udazkenean?
Bideoa argitara irten ostean, Europako Batzordeak kontuak eskatu dizkio Poloniako Gobernuari. POko kide Donald Tusk lehen ministroak esan du ez dutela baztertzen PSLri Nekazaritza Ministerioko ardura kendu eta Ingurumen Ministeriokoa ematea. Baina PSLkoek argi daukate eurei Nekazaritza Ministerioa dagokiela, eta ez dute hori galdu nahi. Horregatik okertu da koalizioan gobernatzen dauden alderdien arteko harremana, eta horrek haustura eragin dezake.
Bestalde, 2008tik Nekazaritza ministro izandako Sawickik orain arte egin duen kudeaketa «okerrik gabea» izan dela baieztatu du dimisioa aurkeztean. Horretaz gain, Lukasik kargua utzi berri duen ARRko presidente ohiari erreferentzia eginez, adierazi du ustelkeria delituak publiko egin dituen bideoa «zapuztutako bi gizonen arteko elkarrizketa» dela. Testuinguru horretan, zenbait politika adituk esan dute udazkenean Polonian hauteskunde aurreratuak izango direla, baina Pawel Gras gobernuko bozeramaileak ezeztatu egin du informazio hori.
Poloniako koalizio gobernua kolokan dago ustezko ustelkeriagatik
Marek Sawicki Nekazaritza ministroak dimititzean adierazi du bere kudeaketa «okerrik gabea» izan dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu