Lech Kaczynski Poloniako presidenteak gaur adierazi du, Irlandako Errepublikako herritarren ondoren, berak ez duela Lisboako Ituna sinatuko, "honek orain ez baitu zentzurik". Ituna gabe ere Europako Batasunak (EB) funtzio dezakeela uste du Kaczynskik; "ez zait logikoa iruditzen bestelakoa esatea".
Poloniako Parlamentuak apirilaren 1ean berretsi zuen ituna, baina presidentearen sinadura behar du erabat berresteko.
EBko 27 estatuetatik bakarrean egin dute herritarren artean erreferenduma: Irlandako Errepublikan. Hemengo herritarrek ezezkoa bozkatu zuten, ekainaren hasieran. Beste estatuak Parlamentuaren bidez ari dira berresten; orain arte hogeik egin dute hori.
2005ean Europako Konstituzioaren proiektua errefusatu egin zuten Frantziako eta Herbehereetako herritarrek, eta ondoren estatuek Konstituzioa erreformatu egin zuten Lisboan.
Hain zuzen, gaur izan da EBko Presidentziako txanda aldatzea: Frantziak hartu du, eta Nicolas Sarkozy hango lehendakaria izango da urtea bukatu artean EBko Presidentziako buru. Lisboako Ituna aurrera ateratzea da haren helburu nagusietakoa.
Mundua
Poloniako presidenteak dio, irlandarren ezezkoaren ondoren, ez duela Lisboako Ituna sinatuko
Poloniako Parlamentuak apirilaren 1ean berretsi zuen ituna, baina lehendakariaren sinadura behar du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu