Poloniako Gobernuaren plana kolokan dago: presidentetzarako hauteskundeen lehen itzulia igande honetan egiteko asmoa zuen, osasun larrialdi bete-betean, inkestek Andrzej Duda egungo estatuburuaren garaipena aurreikusten baitute —botoen %59 jasoko lituzke—. Hori bai, kutsatzeak saiheste aldera, Legea eta Justizia (PiS) alderdiak bozak posta bidez egitea proposatu eta onarrarazi zuen Sejmean (behe ganbera), era horretan botoa ematea «segurua» izango delakoan. Gobernuak, ordea, oztopo handi bat topatu du bidean, oposizioa gehiengo den Senatuak ezezkoa eman baitzion atzo gauean asmo horri.
Goi ganberako bozketak krisi politiko baten atarian jarri du herrialdea, datozen egunetan gertatuko denaren zain. Tomasz Grodzki Senatuko presidentearen arabera, herritarren «bizitzarekiko eta osasunarekiko arduraz» hartu zuten erabaki hori, presidentetzarako bozak «demokraziaren festa bat» izan daitezen, ez «iruzur bat». Aldea nabarmena izan zen: 50 senatarik bozkatu zuten kontra, eta 32k alde.
Testuinguru horretan, PiS alderdiari behe ganberako bigarren bozketa besterik ez zaio geratzen oinarrizko planari eusteko, eta, Sejmeko iturriek jakinarazi dutenez, «astea amaitu baino lehen» egingo dute horren inguruko bozketa. Bada, oraingoan gobernuaren aliatuak ez daude erabat konbentzituta agintean dagoen alderdiaren proposamenaren inguruan, eta hauteskundeak atzeratzearen alde bozkatu lezakete, Senatuak egin bezala; hemezortzi diputatu dituen Akordioa indar politikoa litzateke horietako bat, hasiera-hasieratik presidentetzarako hauteskundeak bi urtez atzeratzea eskatu duena.
Behe ganberako lehen bozketan, PiSek bozen datari buruzko lege proiektua onarraraztea lortu zuen data bi astez atzeratzeko aukera jaso baitzuen testu horretan —hilaren 17rako edo 24rako—; planari eutsi nahi badio, hori litzateke gobernuarentzako irtenbide bakarra, Elzbieta Witek Sejmeko presidenteak herenegun iradoki zuenez: «Bihar [gaur] goizean mozio bat aurkeztuko du Auzitegi Konstituzionalean, galdetzeko konstituzioaren aurka egingo dugun hauteskundeen data atzeratzea erabakitzen badugu».
Kontrara, oposizioko Koalizio Zibikoak, beste hainbat alderdik bezala, nahi du osasun krisiarengatik gobernuak larrialdi egoera dekretatzea, horrek presidentetzarako bozak hiru hilabete atzeratzea eragingo lukeelako —ezin da hauteskundeetara deitu egoera horretan—. Poloniako politikagintzako hainbat pertsona ezagun ere agertu dira PiSen asmoen aurka, tartean Donald Tusk Poloniako lehen ministro ohi eta Europar Kontseiluko presidente ohia, eta Lech Walesa sindikalista ohi eta Bakearen Nobel sariduna.