Munduan poluzio handiena duten lekuen zerrenda publiko egin berri du AEBetako Blacksmith institutuak. Ilun, zikin eta arriskutsuak dira. Meatze, lantoki kimiko eta zentral nuklearren ondoan daude lekurik gehienak. Aberastasun iturri oparoak dira, eta milioika langileren bizilekua, baina osasunarentzat arrunt kaltegarriak.Leku horien erretratu kezkagarria egin du Blakcsmith institutuko zuzendari Richard Fullerrek: «Leku batzuetan bizi-esperantzak Erdi Aroko garaietako mailaraino atzera egin du; jaiotzetiko malformazioak ez dira salbuespena izaten, eguneroko kontua dira; umeen artean %90ek baino gehiagok asma izaten dute, eta adimen atzerapena arazo endemikoa da».
Zerrendako hiru leku Errusian daude, eta beste bi gertuan, Kirgizistanen eta Ukrainan. Asian bi daude, Txinan bat eta Indian bestea, eta Latinoamerikan beste bi, Perun eta Dominikar Errepublikan. Afrikan bakar bat omen, Zambian. Ukrainakoa Txernobil da. 1986ko apirilaren 26an istripu larria gertatu zen hango zentral nuklearreko erreaktoretako batean, eta hondamendi izugarria hasi zen. Gainerako lekuak ez dira hain ezagunak. Baina egoera kezkagarria da haietan ere.
Beruna, uranioa, kobrea, kadmioa, artsenikoa, merkurioa... Substantzia arriskutsuak dira, tentuz tratatu beharrekoak. Zerrendatu berri dituzten lekuetan, ordea, kontrolik gabe hedatu dira. Edateko urean, airean eta baratzeetako produktuetan agertzen dira. Horrek eragiten ditu osasun arazoak. Denera 10 milioi lagun ingururi eragiten dieten susmoa dute ikerketa egin duten adituek.
NEURRIAK. Leku horietako errealitatearen gordina agerian uzteaz gain, Blacksmith institutuko ordezkariek poluzioa txikiagotzeko eta horren ondorioak arintzeko hainbat neurri hartzen ari direla jakinarazi dute. «Arazoak zein diren ulertzeko, lan ugari daude eginda», jakinarazi du Blacksmith institutuko operazio arduradun Dave Hanrahanek. Orain haratago egin nahi dute; «lehentasun» batzuk ezarri eta neurri zehatzak jarri nahi dituzte martxan.
Zenbait lekutan, esaterako, ur araztegiak jartzeko ahaleginak egiten ari dira, kutsaduraren ondorioak arintzeko. Beste zenbait tokitan, garrantzi handiagoa ematen diote hezkuntzari. Arrunt kutsatutako lekuak badira, garbitzen zailak, eta inguru horietako neska-mutilen artean heziketa kanpainak egiten dituzte leku horiek zein arriskutsuak diren azaltzeko. Hamar dira puntaren puntan daudenak. Nolanahi ere, ikerketako arduradunek argi utzi dute munduan badirela beste zenbait leku ere kutsadura handia dutenak.
Poluzioak dena irensten duenekoa
Blacksmith institutuak munduan poluziorik handiena duten hamar lekuak zerrendatu ditu; aberastasun iturri oparoak dira gehienak, baina izugarri arriskutsuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu