Planak ez du zirrikiturik. Peter Fechterrek eta Helmut Kulbeikek hilabeteak igaro dituzte Alemaniako Errepublika Demokratikotik mendebalderako ihesaren xehetasun guztiak lotzen. Eta, orain, 1962ko abuztuaren 17ko goizaldean, Berlin ekialdeko aroztegi batean daude, bi metro pasatxoko horma igarotzeko nahikoa adore noiz bilduko zain. Marko gutxi batzuen truke utzi die jabeak gaua bertan igarotzen, ezkutuan. Urtebete baino ez da Berlingo Harresia zutitu dutela, eta eraikuntzako langile gazteek eurentzat nahi dituzte hesiaz bestaldeko erosotasunak. Zurgindegitik metro eskasera dago porlanezko pareta; ukitu egin dezakete, kasik.
Metro bakan horiei, ordea, heriotzarenkorridorea deitzen die ekialdeko jendeak. Eraikinaren bigarren solairuko leihotik begiratutakoan ulertu dute gazteek izenaren nondik norakoa. Hartxintxarrezko bidea da, bainaarantzadun alanbrez josia. Ezkerrean, 50 bat metrora, talai bat dago; eta, han, guardia bat, AK47 bat eskuan duela.
Baina laster amaituko da haren txanda, eta erretiratu egingo da, zaintza dorrea bost bat minutuz hutsik utziz. Horixe izango da ihes egiteko unea. Oraintxe, ez geroago. Badoaz Fechter eta Kulbeik, ziztu bizian, alanbre guztien azpitik, porlanezko hesirantz zuzenean. «Geldi, tiro egingo dugu, bestela». Kulbeik lortu du, bestaldean da jada. Fechter, ordea, lurrean dago. Ezkerreko iztartetik sartu zaio bala. Oihuka ari da, laguntza eske. Baina inork ez dio eskua luzatzen; ez ekialdeko poliziak, ez harresiaz beste aldetik zur eta lur begiratzen diotenek.Ordubetera isildu da. Hilik dago, odolustuta.
Mundu Gerra osteko historia
Berlingo Harresiak eragindako lehen biktimaren istorioa da hori. Antzeko 200 bat kasu jasotzen ditu Berlingo Fiskaltzak - guztira 5.000 lagun inguru saiatu ziren ihes egiten, eta ehunka atxilotu zituzten-. Baina horien guztien historia aspaldi hasi zen, horma bera eraiki baino lehenago.
II. Mundu Gerra amaituta, irabazleak Postdamen(Alemania) bildu ziren, Adolf Hitlerrenak ziren lurraldeen kudeaketa beren artean banatzeko. Joseph Stalinek, Winston Churchillek eta Harry S. Trumanek Berlin lautan zatitzea erabaki zuten: ekialdea sobietarrek kudeatuko zuten, eta mendebaldea britainiarrek, estatubatuarrek eta frantziarrek. Zatiketak zatiketa, hasiera batean Berlingo biztanleak libreki mugi zitezkeen batetik bestera. Baina 1949ko maiatzaren 24an Alemaniako Errepublika Federala eratu zuten, kapitalismoa eta merkatu ekonomia oinarri zituela. Eta, horri erantzunez, urriaren 7an osatu zuten Alemaniako Errepublika Demokratikoa, sobietarren babesarekin. Ekialdeko Alemaniaren ekonomia gainbehera zihoan, ordea, eta dozenaka milaka lagunek mendebalderanzko bidea hartu zuten. Hori ikusita, bi Alemanien arteko muga itxi zuten sobietarrek, eta mendebaldera joateko baimen bereziak hasi ziren eskatzen. 1957rako, debekatu egin zuten bidaiatzea, eta hiru urteko kartzela zigorra ezarri zuten agindua urratzen zuenarentzat. Hala eta guztiz ere, 1949 eta 1961 bitartean ekialdeko hiru milioi alemaniar joan zen mendebaldera; biztanleen %20.
Ihesaldia geldiarazteko eraiki zuten harresia, 1961eko abuztuaren 13an. Ehunka familiak urteak egin zituzten zatituta. 1987ko ekainaren 12an Ronald Reagan presidente estatubatuarra Berlinera heldu zen, bisitan. Gerra Hotza bete-betean zen, eta Sobietar Batasunaren ekonomia gainbehera zihoan, erruz. «Badago sobietarrek egin dezaketen urrats bat, bakearen alde. Mikhail Gorbatxov, bakea eta emankortasuna nahi baduzu, ireki ezazu ate hau», adierazi zuen Brandenburgoko atepetik. «Bota ezazu harresia!».
Bi urte geroago gertatu zen hori. Alemaniako Errepublika Federaleko Propaganda ministroak, Gunther Schabowskik, ekialdeko bizilagunei mendebaldera igarotzeko baimena emango ziela iragarri zuen 1989ko azaroaren 9an. Geldiezina izan zen jende uholdea.
Porlanezko hesi baten historia
Ehunka familia 28 urtez zatituta eduki zituen Berlingo Harresiak, eta 200 bat lagun hil ziren hura igaroz, Alemania ekialdetik mendebaldera joan nahian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu