UKRAINA

Poroxenkok Ukraina ekialderako bake plana aurkeztuko du

Plana aurkeztu bezperan borroka gogorrak izan dira Ukrainako ekialdean, Sloviansk inguruan.

Matxino bat bandera zuria eskutan duela, gorpuak trukatzeko adostutako su-eten laburrean. STRINGER / EFE
Adrian Garcia.
2014ko ekainaren 20a
16:25
Entzun

Petro Poroxenko Ukrainako presidenteak bake plana aurkeztu bezperan erasoaldia hasi zuen atzo armadak. Matxinoek ez dituzte presidentearen proposamenak onartu, eta uko egin diote armak uzteari, Kievek hartuko dituen neurrien beldur. "Gerrillariek baztertu egin dute armak uztea. Beraz, terrorismoaren aurkako operazioan parte hartzen duten soldaduek matxinoak inguratuko dituzte", azaldu du Vladislav Selezniov-ek, gobernuaren operazioaren bozeramaileak. Haren esanetan, "fase aktibo" batean dago Sloviansk hartzeko erasoaldia.

Donetsk eskualdeko Krasni Liman, Jampol, Seversk eta Ariomovsk hiriei eraso die armadak, Sloviansk hiritik gertu. Matxinoen arabera, hogei tanke, 50 auto blindatu, infanteria batailoiak eta aire erasoak erabili ditu Kievek. Jampol eta Seversk hiriak utzi dituzte matxinoek, eta Sloviansk hirira bildu dira. Svoboda eskuin muturreko alderdiko kide baten arabera, gutxienez hogei soldadu hil dira erasoetan. Matxinoek ere aitortu dituzte galerak, baina ez dute zehaztu zenbat.

Asteartean zen bozkatzekoa Ukrainako Parlamentua ekialdeko bi eskualdeetan Gerra Legea ezartzeko proposamena. Atzeratu egin zuten bozketa, presidenteak plana aurkeztu behar baitzuen gaur. Eskualde horietako ordezkariarekin ere bildu da Poroxenko, bake planaz hitz egiteko. Ez du, halere, matxinoekin hitz egin nahi.

Ukrainako presidentearen hitzetan, "alde bakarreko su-etena" eta beste hamahiru "urrats politiko" izango ditu bakerako planak. Menia "laburra" izango da, eta ekialdeko matxinoek armak utzi beharko dituzte horretarako. Herrialdetik ihes egiteko aukera ere izango dute. Izan ere, su-etena iragarri aurretik beharrezkotzat jotzen du Poroxenkok Errusiako muga mendean hartzea eta Slovianskeko hiriko matxinoak "akabatzea".

Bakerako planak emango duenaren zain, errusiazaleek eta Ukrainako armadako soldaduek su-eten labur bat adostu zuten herenegun. Bi aldeek gorpuak trukatzeko erabili zuten, Karlivka hirian, Donetsk inguruan. Bandera zuria eskuetan elkartu ziren borrokalariak. Russia Today telebistaren arabera, errusiazaleek bederatzi hilotz eta zauritutako hamabi matxino jaso zituzten. Trukean, ehun gorputik gora eman zizkieten Kieveko soldaduei, Luhanks aireportutik gertu eraitsitako garraiorako hegazkinean hildako 49 militarrenak barne. Gerra gatibuen trukea adostuko dute hurrena, Errusiako telebistaren arabera.

RBC Daily Errusiako hedabideak zabaldu duenez, Moskuk tropak hurbildu ditu mugara. Iturri militarrak aipatuta, Errusiako enbaxaden aurkako erasoek eta "Ukrainako probokazioek" bultzatu dute Mosku mugaldea indartzera. "Milaka soldadu" itzuli dira mugara. RBC Dailyren aburuz, Moskuren asmoa da Donetsk eta Luhansk eskualdeetan giza korridoreak irekitzea. Hedabideak aipatutako iturri militarren arabera, NATOren presentziaren gorakadak bultzatu du muga indartzera.

Aliantza Atlantikoak ez du egoki ikusi Errusiako "milaka soldadu batzuk" mugara hurbiltzea. "Arma eta borrokalari emaria eteteko balitz, aurrerapausoa litzateke. Baina ez da horrela", azaldu du Ander Fogh Rasmussen-ek, NATOko idazkari nagusiak.

Elkartze Akordioa, 27an

Ukrainak hilaren 27an sinatuko du Europako Batasunarekiko Elkartze Akordioa, Poroxenkok azaldu duenez. Bruselan EBko 28 herrialdeak egitekoak diren gailurrean izenpetuko dute akordioa. Itun polemikoa da, inondik ere. Viktor Janukovitx aurreko presidenteak uko egin zion akordio hori sinatzeari, eta hura kargutik kentzea ekarri zuten protestak piztu ziren.

ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeak azaldu du matxinoek atxikitako behatzaileekin harremanetan jartzea lortu duela. "Dirudienez, ondo daude", adierazi du erakundeko bozeramaileak. Guztira zortzi behatzaile daude errusiazaleen esku, Severodonetsk hirian, maiatzaren bukaeratik. "Hirira borrokak ailegatu ez diren bermea da behatzaileak hemen egotea", azaldu zuen orduan Andre Pugin-ek, Donetskeko matxinoen buruzagietako batek. Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavren arabera, behatzaileak askatzea Kieven esku dago. "Segurtasunik eza da askatzeko oztopo nagusia".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.