Afganistango gerra. Hamargarren urteurrena

Porrotean galdutako herria

Irailaren 11ko erasoen ostean Afganistan inbaditu zuten AEBek, duela hamar urte; gaur gerrak ez du amaitzeko itxurarikEz dago gizarte egituraturik, eta gobernua usteldua dago, eraikitzeko gaitasunik gabe

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2011ko urriaren 7a
00:00
Entzun
2001eko irailaren 11n Dorre Bikietan gertatutakoak ilunabarrean harrapatu zuen Kabul. Gaua sartzerako Osama Bin Ladenen mitoa mamitzen hasia zegoen, eta eguna argitzerako giza erakundeak AEBen esku hartzerako prestatzen hasi ziren. Afganiarrak izutzen hasi ziren, beren familiei zer gertatuko ote zitzaien, gerra zer den ongi zekiten eta. Baina, era berean, nolabaiteko esperantza izateko mezuak jasotzen hasi ziren New Yorkeko eta Pentagonoko gertakarien biharamunetik bertatik: zibilak Erdi Aroan iltzatuta zeuden jauntxoen zapalkuntzatik demokraziara askatzeko gerra izango zen hura, talibanen ustelkeriatik, sufrimendutik eta pobreziatik ongizatera eta berdintasunera igarotzekoa. Bi hilabete geroago, duela hamar urte gaurko egunarekin, Askatasun Iraunkorra erasoaldia leherrarazi zuten Erresuma Batuak eta AEBek Kandaharren, Jalalabaden eta Kabulen. Baina ordutik hamarkada batera gerra iraunkorra da beste ezer baino gehiago, bizi-bizirik betikotua.

Afganistan, orduan gaur bezala, ez da homogeneoa. Herri, leinu eta hizkuntza asko dauzka islamaren inguruan elkartuak; klanen legea da nagusi, eta Mendebaldearen balioak nekez ezar daitezke han, ez atzo eta ez gaur, are gutxiago Bushek hasieran ezarri nahi zuen Justizia infinitua —izena aldatu zioten erasoaldiari, musulmanentzat justiziaren kontzeptua iraingarria izan zitekeelako. Gurutzada ere erabili zuen Bushek hitzaldi sutsuetan—.

Talibanen erregimenak ezartzen zuen errepresioa, baina, ez zen haiena esklusiboa. Oposizioaren gizarteko hainbat taldeekiko jarrera eta ikuskera politikoa talibanen bertsua zen, emakumeen ingurukoak kasu, orain gobernuan den oposizio harena, aliatuek babestu duten gobernuarena.

Bake garairik ez

Erasoa hasi aurretik talibanek esan zuten Afganistan ez dutela inoiz konkistatu eta ezta konkistatuko ere, baina kanpoko interesek urte askoan moldatutako eta suntsitutako herria da. Asia erdialde osoa hainbat inperioren jabetzatik igaro ondoren, 1893an gaurko mugak finkatu zirenean tribu askoren lurraldeak banaturik geratu ziren Afganistanen eta Indiako Inperio Britainiarraren artean.

Historian gertu, baina duela urte asko afganiarrentzat, 1973an, Daud Kahnek estatu kolpea eman eta Afganistango Errepublika eratu zuen. PDPA Afganistango Alderdi Komunista alde izan zuen hasieran, baina 1978an boteretik bota zuen, eta komunistek erreforma asko egin nahi izan zituzten Afganistan feudalismotik ateratzeko. Baina oposizio izugarria izan zuten, eta Sobiet Batasunak herrialdea inbaditu zuen haiek laguntzeko. Erresistentzia islamaren ikurraren pean batu zen, eta AEBen trebakuntza eta armak izan zituzten, baita Pakistanen eta Txinaren laguntza ere. Sobietarrek 15.000 soldadu galdu zituzten gerra hartan, eta dirutza, 1988-1989 urteetan Mikhail Gorbatxovek Genevako bakea sinatu eta tropak atera zituen arte. Egoera kaotikoa zen, borrokalari islamistak, mujahidinak, elkarren artean borrokan hasi ziren. Sobietarren kontrako gerrean eta gerra zibilean biztanleriaren %10 hil zen, eta, egoera horretan, 1994an, talibanen miliziaren agerpenari ongietorria egin zioten AEBek, pentsatuz haiek ezarritako ordena kontrolagarriagoa izango zela. 1996an talibanek Kabul hartu zuten —inguru askotan borrokak zeuden—; errepresioa areagotu zuten, eskubide zibil apurrak ezeztatuz.

Lagunak, etsai

Bushek Osama Bin Laden Al Kaedako burua harrapatu eta talibanen erregimena bukatzeko asmoz hasi zuen inbasioa, etaNATOren ISAF Segurtasuna Laguntzeko Nazioarteko Indarrak beregain hartzea erabaki zuen 2001eko abenduaren 20an; hasieran Kabulen segurtasuna bermatzeko, eta trantsiziorako gobernua ahalbidetzeko. 2003an, berriz, Afganistan osora zabaldu zituen tropak, eta 2006an erasoak areagotzea erabaki zuen.

Gerra hasi eta denbora gutxira talibanak garaitu zituztela iragarri zuten ozen, eta ondorengo hiru urteetan indarkeria baretu zen, baina gobernua osatzeko prozesua Hamid Karzai presidentearen, gerra jauntxo izandakoen eta segurtasun pribatuaren enpresen esku utzi zuten, eta Karzairen inguruan sortutako taldeak ustelkeriaren goia jo du; AEBen baimenarekin bozak nahierara moldatu ditu, eta legeak eta gizartea de facto ezarritako gobernadoreen esku daude. NATOren indarrek ez dute kontrolik eskuratzea lortzen; soldaduak hiltzen zaizkie, eta haiek zibilak hiltzen jarraitzen dute inoiz baino gehiago—aurten izan da gerraren urterik odoltsuena—. Barne egiturarik ez dago, osasun sistemarik ere ez, eta eskolak hutsik daude. Giza laguntzarako milioika milioi euro desagertu dira.

Talibanak ere borrokari esker bizi dira. Egungoak ez dira duela hamar urtekoak; talibanen mugimendua ez dago batuta, baina ezta ahulduta ere, eta Pakistanera hedatu dira aspaldian.

Gaur egun

AEBetako militarren suziriek ez dute Kabuleko gaua argitzen, duela hamar urte bezala, baina diplomatikoak bizi diren eremu berdetik eta base militarretatik kanpo miseria besterik ez dago; delinkuentzia asko, eta herrialdearen mendebaldean eta hegoaldean, miseria eta gerra gogorra. Errepideen izkinetan umeak pilatzen dira hondakinen artean, beste zereginik izan gabe, eta hiriburuan, gainerako guneetan bezala, eraikitzen hasitako oinarrizko barne egitura abandonatuak dira nagusi.

Kabuletik kanpo ez dago ur isurbiderik ere, eta errepideen %78 asfaltatu gabe daude, baina Mendebaldeak horretarako emandako mila milioi euro eta beste milioika gehiago, negozio ilunetan galdu dira; milaka zibilen gorpuak hilerri inprobisatuetan daude, biziraun duten milioika lagun batere etorkizunik gabe, eta horietako bost milioi ihesean, edo etengabeko joan-etorrian.

Bushen aroan hasitako bi gerrekin amaitu nahi du orain Barack Obamak, eta Afganistango inbasioaren helburuak bete direla esan gabe ere, tropak etxeratzen hasi da, «posizio sendo batetik». Talibanek leku garrantzitsuak galdu dituzte, AEBetako presidentearen arabera, eta Al Kaedak 2001eko irailaren 11z gero gaur bizi du presiorik eta egoerarik latzena. Uste du garaia heldu dela «Amerikak» duen balio handienean inbertitzeko: «Gure herrian». Izan ere, krisi ekonomiko gogorraren erdian, ezin baitio Afganistanek eragiten dion gastuari eutsi, ez eta Mendebaldeko herri gehienek ere.

NATOk jarri du bere tropak ateratzeko egutegia: udan hasi dute, eta «dena ongi badoa» 2014rako Afganistango indarren esku utziko dute hango segurtasuna, Anders Fogh Rasmussenek berretsi duenez. NATOren idazkari nagusiak, hala ere, ziurtatu du aliatuen babesa izaten jarraituko dutela afganiarrek militarrak eta poliziak «entrenatzen jarraitzeko». Datorren urteko maiatzean zehaztu nahi dituzte laguntza horren xehetasunak, NATOren Chicagoko goi bileran.

Bien bitartean, NATOren indarrak konturatu dira bonbardaketak baino zerbait gehiago beharko dela egoera apur bat egonkortzeko: elkarrizketa. Afganistango gizarte konplexua ezagutzea, eta haiekin negoziatzea. Leinuekin, eskualdeetan boterea dutenekin zerbaitetara iritsi.

Afganistango Gobernuak ere ziurtatu du 2014rako prest egongo direla gidaritza hartzeko, baina talibanek ere ez dute iritzirik eman gabe geratu nahi izan.Haiek uste dute Afganistango Gobernua ez dela nor ezer negoziatzeko, «txotxongiloak» direlako herri okupatuan. Zabiula Mujahid matxinoen bozeramaileetako baten arabera, ez daude prest «plan zikin hori» onartzeko, eta gerra ez da amaituko «afganiarrei euren gobernu islamiko nazionala ezartzen utzi arte».

Burhanuddin Rabbani Afganistango presidente ohi eta negoziatzailea hil zutenetik egoera zaildu zaie aliantzako indarrei,galtzaile gisara ateratzeko arriskua areagotu baita, eta inork ez du galtzaile izan nahi. Afganiarrak, bitartean, beldur dira egoera beti izan daitekeela okerragoa. Badakite zerbait horretaz.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.