Port-au-Prince hiriburura kolera iritsi izanak kezkak areagotu ditu Haitin

Jada 235 lagun hil dira, eta beste 3.115 artatu behar izan dituzte; epidemia apaltzen ari dela diote agintariek

Erredakzioa
2010eko urriaren 26a
00:00
Entzun
Haiti erdialdean hedatzen hasia da kolera izurritea, eta Port-au-Prince hiriburuan zabaltzeko arriskuak nazioarteko osasun erakundeen kezka eragin du. Herrialdeko agintariek, ordea, izurritearen hedatzea apaltzen ari dela eta «egoera egonkortu» egin dela adierazi dute.

Nazio Batuen Giza Laguntza Gaietarako Bulegoak (OCHA) iragarri du bost kolera kasu antzeman dituztela jada Port-au-Princen bertan. Berri honek alerta gorrian jarri ditu hiriburuaren inguruan lanean ari diren giza laguntza alorreko gobernuz kanpoko erakundeak. Izan ere, horien beldurra da kolera izurritea azkar eta erraz heda dadin Port-au-Prince-n, bereziki, iragan urtarrilean gertatu zen lurrikara itzelak eragindako 1,3 milioi herritar kaltetuen behin-behineko aterpe guneetan. Kanpaleku horietan, oraindik ere, osasun baldintzak oso txarrak dira, eta horrek kolera hedatzea erraztuko luke. Ur zikinen bidez kutsatzen den gaixotasun horren zabaltzea eragozten ez bada, «laster batean, ehunka mila gaixo izateko arrisku gorrian» egon daitezkeela ohartarazi du Haitiko Medikuntza Elkarteko buruzagi Claude Surenak.

Izurritearen bilakaeraz, dudak

Marie-Michele Rey Haitiko Atzerri ministroak, baina, izurritearen hedatzea geldiarazten ari zela eta egoerak egonkortuta zirudiela adierazi du. Osasunaren Erakunde Panamerikanoa, baina, ez dator bat iritzi horrekin. Daniel Epstein bozeramaileak nabarmendu du oraindik goizegi dela izurritea amaitu egin dela iragartzeko, «horren bilakaera zein izango den aurrez pentsatzea oso zaila edo ezinezkoa baita». Epsteinek gogorarazi du lehentasuna dela gaixoak behar bezala eta ahalik eta azkarren artatzea.

Orain arteko datuen arabera, kolera duten 3.115 herritar artatu dituzte Haitin. Dagoeneko, baina, gaixotutako 253 lagun hil dira. Izurritea Haiti erdialdeko Artibonite eskualdean piztu da. Bazen ehun urte kolerarik ez zela antzeman herrialde hartan, eta orain epidemia kolera mota gogorrena dela jakinarazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.