Portugalgo alderdi txikiak giltzarri dira orain, koalizioak eratze aldera

Jose Socrates lehen ministroaren alderdi sozialistak irabazi ditu igandeko bozak, baina gehiengo osoa galdu du

Erredakzioa
2009ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Portugalen igandean egin ziren hauteskundeen emaitzek espero baino ezusteko handiagoak eman dituzte. Bozak PS Alderdi Sozialistak irabaziko zituela iragarrita zegoen arren, galdutako boto kopurua izan da aurreneko ezustekoa -orain arte 121 diputatu izan ditu, eta hemendik aurrera96 izango ditu-. Jose Socrates lehen ministroaren taldeak botoen %36,5 eskuratu ditu, baina lau urtez izan duen gehiengo osoa galdu du, eta koalizioaren bat egitera behartuko du horrek, gehiengoan aginduko badu. PSD Alderdi Sozial Demokrataren jaitsiera izan da bigarren ezustekoa. Zentro-ezkerreko eta zentro-eskuineko bi alderdi horientzat berdinketa teknikoa aurreikusten zuten inkestek duela hamabost egun eskas; emaitzak, baina, oso bestelakoak izan dira. Manuela Ferreirak bere gain hartu du alderdiaren porrotaren erantzukizuna. Bozen %29,1 lortu ditu alderdiak, eta 78 diputatu izango ditu Legebiltzarrean.

Portugalen bipolarizazioa hautsi egin da, eta hemendik aurrera, beraz, kolore gehiago izango dira Legebiltzarrean. Hauteskunde kanpainan bi alderdi nagusiekin bat egiteari muzin egin dieten alderdi txikiak izan dira, horren harira, ezusteko handiena eman dutenak, eta, paradoxikoki, euren eskuetan egongo da aliantzak eratzeko giltzarria orain. PP Alderdi Popularrak (eskuina) 12 diputatu zituen, eta orain 21 izango ditu -gorakada handiena berak izna du-, eta BE Ezkerreko Blokea (marxista), berriz, zortzitik hamaseira pasatu da-orain arteko emaitzarik onenak jaso ditu-.

CDU Berdeen eta Komunisten Alderdiak ere nabarmen egin du gora, eta sozialistek horiekin eta marxistekin egin dezakete koalizioa, baldin eta ezkerreko jarrerari eutsi nahi badiote. Jose Socrates lehen ministroak«alderdi guztiekin» hitz egingo duela jakinarazi du. Sozialistek «garaipen bikaina» lortu dutela adierazi du; krisiari erreferentzia eginez, hauteskundeak abagune «zailetan» egin direla argudiatuta.

Abstentzioa %39,4koa izan zen, duela lau urte egin ziren bozetan baino lau puntu handiagoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.