Susmoak bete dira. Hauteslerik gehienak --%56,39-- boza ematera joan gabe geratu ziren joan den igandean Portugalen abortuaren despenalizatzeari buruzko erreferendumean. Bozik gehienak, hala ere. ¬59,25-- baiezkoak izan ziren. Horregatik, Portugalgo Parlamentuak abortua despenalizatzeko urratsak «lehenbailehen» egingo dituela jakinarazi zuen atzo Portugalgo Batzarreko presidente Jaime Gamak.
Hitza bete zuen. Izan ere, Gobernuak esana zuen abstentzio handiaren ondorioz erreferendumaren emaitzak loteslea ezin bazuen izan ere, baiezkoa bazen, egungo abortuaren legea aldatuko zuela. Lege berriarekin delitu izateari lagako dio Portugalen abortuak. Haurdunaldiaren lehen hamar asteetan motibo jakinik eman gabe abortatzeko aukera izango dute emakumeek. Egun emakumearen edo fetuaren osasuna arriskuan daudenean bakarrik eten dezakete haurdunaldia, baldintza oso konkretuetan. Gainerakoan, delitu da, zigorra merezi duena.
ERREAKZIOAK. Legez kanpoko abortuak saihesteko --egun urtean Portugalen 20.000-40.000 egiten direla uste da-- lege berria erabakigarria izango dela esan zuten igandean erreferendumeko emaitzen berri izan ostean, PS alderdi sozialistako buruzagiek, pozik. Jose Socrates Portugalgo lehen ministroa bera, esaterako, baikor mintzatu zen: «Jendeak ahots argiz hitz egin du. Abortuak krimen bat izateari lagako dio Portugalen». CDS-PP alderdi kontserbadoreko ordezkariek, eta Elizako ordezkariek, ordea, pena erakutsi zuten emaitzengatik.
Poz eta tristura mezuekinbatera, galderak ere egin dituzte zenbait politikarik abortuaren legeak izango duen bilakaeraren inguruan. Izan ere, legea aldatzearekin akaso ez da aski izango. Medikuen kode deontologikoak Portugalen galarazi egiten die abortuak egitea, eta horren harira orain arte mediku askok uko egin diote haurdunaldiak eteteari. Orain legeak,ezinbestean berretsi beharko du , ordea, haurdunaldiaren lehen hamar asteetan emakumeek abortatzeko duten eskubidea, eta horretarako medikuen parte-hartzea ondo arautzea eta lotzea ezinbestekoa izango da.
ALEMANIA EREDU. Portugalgo hainbat diputatuk atzo jakitera eman zutenez, Alemanian egun abortua arautzeko ezarrita dagoen legearen antzekoa ezartzeko asmoa dute. Lege horrek, abortatzekotan dabiltzan emakumeak, aurrez hausnarrerako zenbait egun hartzera bultzatzen ditu. Ezinbestean bete beharreko prozesua izaten da, eta tarte horretan hainbat adituk abortuaren arriskuei buruz ohartarazten dituzte emakumeak, eta baldin eta haurdunaldiarekin jarraitzea erabakitzen badute, zer nolako laguntzak izango dituzten ere jakinarazten diete.
Behin legea onartuta, aurrenekotariko egitekoa, egun abortatzeagatik auziperatuta dauden emakumeen kasuak bertan behera lagatzea izango dela gogorarazi dute hainbat diputatuk. Haiek gogoan hartuta, legea onartzeko urratsak «bizkortu» egin nahi dituzte.
Portugalgo Parlamentuak «lehenbailehen» onartuko du abortua despenalizatzeko legea
Baiezko bozak gailendu dira Abortuaren Lege irekiagoa nahi den galdetuz egindako erreferendumean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu