Posizioak argitzen biharamunean

Komunistek benetako oposizio bakarra direla aldarrikatu dute, eta Putinek elkarlana eskaini dio Prokhorovi

mikel rodriguez
2012ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Vladimir Putinek hauteskundeen biharamunean bertan deitu ditu arerio izan dituen hautagaiak bilera batera, Zhukovka herrian, Moskutik gertu. Emaitzak eta iruzur salaketak jakinda, bozen irabazlearekiko posizioa finkatzeko lehenbiziko hitzordu serioa izan dute, aurrez aurre. Argien mintzatu dena Gennadi Ziuganov hautagai komunista izan da, uko egin baitio bilkurara agertzeari. Putinek, berriz, elkarlanerako deia egin dio oposizioko bigarren hautagaiari, Mikhail Prokhorov magnateari.

Ziuganovek hauteskunde eguneko arratsean egindako agerraldian bertan finkatu zuen bere posizioa, bozei zilegitasuna ukatzen ziela jakinarazi baitzuen; «bidegabeak, eta zintzotasunik eta duintasunik gabekoak» izan direla erran zuen. SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna erori zenetik oposizioko indar nagusia izan dira beti komunistak, Boris Jeltsinen aurka lehenik, eta Putinen eta Dmitri Medvedeven aurka ondoren. Dumarako hauteskundeetatik indartuta atera zen KPRF Errusiako Federazioko Alderdi Komunista —botoen %20 lortu zuen—, eta iruzur salaketen harira sortutako haserrea kapitalizatzeko itxaropena zuen, Putinen aitzinean alternatiba errealenaren itxura hartuz. Gainera, Kremlinaren aurkako protestetan aktiboenetakoa izan den talde batek, Ezkerreko Fronteak, Ziuganoven aldeko botoa eskatu zuen. Bigarren itzulia behartzea zen KPRFren helburua, eta, behin hori lortuta, gibelean gelditutako hautagaien bozak biltzea Putinen aurka, baina helburu horretatik urruti gelditu da, Dumarako bozetanbaino emaitza txarragoa lortu baitu.

Ziuganovek porrot egin du, baina bozak amaitu eta berehala KPRFk argi markatu du bere estrategia, Putinen aurkako benetako oposizio bakartzat agertu baitu bere burua. Adibidez, Putin garaipenarengatik zoriontzeari uko egin dio Ziuganovek, eta Vladimir Zhirinovski muturreko nazionalistak eta Sergei Mironov sozialdemokratak hori egin izana kritikatu du.

Prokhoroven alderdia

Prokhorov ere gogor kritikatu du KPRFk. Bertzeak bertze, Putinen txotxongilo izatea egotzi dio—«Putinen aberatsa» deitu dio—. Horretan eragina izan du, zalantzarik gabe, jarduneko lehen ministroak magnateari egin dion eskaintzak. Bozen egunean bertan Prokhorovek iragarri zuen alderdi politiko bat sortzeko asmoa duela, berriz ere presidentetzara lehiatzeko. «Alderdia sortzeko plana gauzatzen baduzu, elkarrizketa eraikitzaile bat izateko oinarriak izanen ditugu», erran zion atzo Putinek magnateari. Igandean bozak ez zirela «garbiak» izan adierazi zuen Prokhorovek, baina Zhukovkako bilkurara agertu zen atzo.

Bidezko Errusia alderdiko hautagai Mironovek ere solas ezkorrak izan zituen herenegun, Putinek sei urteko agintaldiari ez diola eutsiko adierazi baitzuen. Jarduneko lehen ministroaren garaipenari, baina, erabateko zilegitasuna aitortu zion atzo Mironovek. Irregulartasunak egon direla aitortu arren, Mironoven ustez ez dute azken emaitzan eraginik izan, eta Bidezko Errusia ez dela protestetan egonen jakinarazi du. Aitzineko legegintzaldian Federazioko Kontseiluko —Senatuko— presidentea izan zen Mironov, Errusia Batuarekin elkarlana hitzartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.