katalunia

PPk dio Diadako martxa Espainiako Konstituzioaren kontrakoa dela

De Cospedalek esan du "legetik kanpo" dagoela ekimena. Raxoik katalanei adierazi die ”faborez horrelako iskanbilatan” ez ibiltzeko. 18:00etan hasiko da biharko manifestazioa, Bartzelonan, 'Katalunia, Europako estatu berria' lelopean. ANC Kataluniako Biltzar Nazionalak antolatu du. Ernest Maragalli (PSC) egindako elkarrizketaren zati bat, BerriaTBn.

Berria.info
2012ko irailaren 10a
22:37
Entzun

Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak esan du bihar Diada dela-eta Bartzelonan izango den manifestazioa ”[Espainiako] Konstituzioaren kontrakoa” dela eta "legetik kanpo" dagoela. ANC Kataluniako Biltzar Nazionalak antolatu du martxa, Katalunia, Europako estatu berria lelopean. 18:00etan hasiko da, Gracia pasealekuaren eta Kale Nagusiaren lotunean.

Mariano Raxoi (PP) Espainiako Gobernuko presidenteak gauean TVE1eko elkarrizketan katalanei esan die ”faborez horrelako iskanbilatan” ez ibiltzeko. Izan ere, haren arabera, egun arazoa ez da biharko manifestazioak lortu nahi duena, baizik eta defizit publikoa eta langabezia dira, eta "elkarlana" beharrezkotzat jo du enplegua sortzeko.

Diada "historikoa" iragarri dute

Mila autobus baino jarri eta denak beteta zeuden lehengo asterako. PSCk bizkarra eman arren, alderdiko kide esanguratsu batzuek parte hartuko dute —Angel Ros Lleidako alkateak edota Montserrat Tura Generalitateko kontseilari ohiak, adibidez—; alderdi abertzaleez gain, ICV ere izango da; Josep Antoni Duran Lleida CiU barruko UDC alderdiko buruak atzera egin, eta bera ere egongo da; azkenean, Generalitateko kontseilari batzuk ere bai —Joana Ortega lehendakariordea tartean—. Bartzelonako Udala zirkulazioari buruzko neurri asko ari da hartzen. Ondorioz, pentsa daiteke milaka eta milaka lagun izango direla Kataluniaren burujabetzaren aldeko manifestazioan. 

ANCk izaera independentista eman dio martxari, baina CiUk Generalitateak Espainiako Gobernuarekin itun fiskalaz egin nahi duen akordioarekin lotu du martxa. Artur Mas Generalitateko presidentea eta Mariano Raxoi Espainiakoa hilaren 20an bilduko dira itun fiskalaz hitz egiteko, eta CiUk uste du Raxoiren aurrean indar handiagoa izango duela biharko manifestazioa arrakastatsua bada.

Lleidako alkate sozialistak iragarri du milioi bat lagun bil daitezkeela Bartzelonako ekitaldian. 2010eko uztailean izan zen azkeneko manifestazio handia han, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Estatutu berriari murrizketa nabarmenak egin zizkiola eta.

Duran Lleidak 1977ko Diada ekarri du gogora, trantsizio garaian Josep Tarradellas Generalitateko presidentea atzerritik iritsi zenekoa: "Egun historikoa izango da. 1977ko Diadan izan nintzen, eta orain ere izango naiz".

Alicia Sanchez Camacho Kataluniako PPko presidenteak CiU izan du jomugan kritikak egitean. "Independentisten jokoan erori" izana egotzi dio.

Tura PSCko kidearentzat, ordea, biharko martxak ez du zerikusirik independentzia aldarrikatzearekin. "Arrazoi asko daude parte hartzeko". Haren arabera, "Kataluniatik bidalitako mezu asko ulertzeko ez da gai izan Espainiako Estatua".

Manifestazioaren ondoren, antolatzaileen ordezkaritza bat hartuko du Nuria Gispert Kataluniako Legebiltzarreko presidenteak. Denentzat ondorioak ateratzeko unea izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.