Mundua

PPk irabaziko lituzke Espainiako bozak, orain egingo balira

CIS barometroak plazaratutako datuen arabera, PPk botoen %30 bereganatuko lituzke; sozialistek, berriz, %21,2; eta Podemosek, %15,3. Langabezia eta ustelkeria dira herritarren kezka nagusiak.

2014ko abuztuaren 4a
13:05
Entzun

Alderdi Popularrak irabaziko lituzke orain ere hauteskundeak gaur bertan egingo balira, eta bigarren tokian geratuko lirateke sozialistak, 8,8 punturen aldearekin. Biek ala biek, ordea, behera egingo lukete nabarmen: ia bi puntu popularrek eta bost sozialistek.

Aldiz, Pablo Iglesiasen Podemos alderdiak bozen %15,3 lortuko lituzke, eta IU gaindituko luke estatu mailako hirugarren indar politiko moduan. Dena den, nabarmentzekoa da inkesta hau egin zenean sozialistek ez zutela oraindik buruzagitza berria aukeratu, eta hori gogorarazi nahi izan du Cesar Luenak, PSOEren antolaketa idazkariak prentsaurrekoan. Adierazi du inkestaren datuak "desfasatuta" daudela, "garai hartan jendeak eskatzen zuen aldaketa egin delako". Ziurtasunez esan du datuak "irauli" egingo dituztela, "denbora kontua baino ez" dela.

Galdekatutako biztanleen artean, langabezia eta ustelkeria dira kezka nabarmenenak; horiez gain, ekonomia eta politikarien jarduna ere dituzte kezka nagusi.

Inkestaren beste ondorietako bat da Espainiar Estatua osatzen duten nazioen independentziaren aldekoen kopurua hazi dela; aitzitik, autonomiarik gabeko estatu baten aldekoen kopurua ere hazi egin da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.