PSOEren Batzorde Federala

PPri gobernatzen uztea erabaki du PSOEren Batzorde Federalak

Inbestidura saioko bigarren bozketan abstenitu eta Rajoyri gobernatzen uztea erabaki dute PSOEren Batzorde Federaleko kideek, boz gora egindako botazioan. 139 izan dira jarrera hori babestu duten ordezkariak, eta 96 kontra bozkatzearen alde agertu direnak. Eztabaida gogorra, baina "errespetuzkoa" izan dela esan du Fernandezek.

2016ko urriaren 24a
10:28
Entzun

"Inork ez du nahi PPk gobernatzea" esan du Javier Fernandez, PSOEren gestorako presidenteak. Baina gobernatu gobernatuko du. Izan ere, Mariano Rajoyren inbestidura saioko bigarren bozketan hari bidea libre uztea erabaki zuen atzo PSOEren Batzorde Federalak. 139 ordezkariren babesarekin erabaki dute abstenitu eta oposizioan gelditzea; ezezko botoa ematearen alde agertu dira 96. Ezezkoa gailendu izan balitz, Espainiako Gorteak osatzeko hirugarren hauteskundeak egin beharko ziren.

Alderdia banatuta, buruzagitzarik gabe eta militantziaren zati bat amorratuta dagoela egin dute Batzorde Federala. Eta batasun irudia emateko ahaleginak ahalegin, bileraren amaieran argi gelditu da alderdiko kideen artean nolako arrakala dagoen. Etsita agertu dira asko "historiako erabakirik okerrena izan da hau", esanez. Ezezko botoari eutsi nahi diote batzuek, baina diputatu guztiei taldean abstenitzeko eskatuko diela iragarri du Fernandezek. Nolanahi ere, legebiltzar taldearen esku geldituko da erabaki hori.

Goizean goiz bildu ziren Ferrazeko egoitzan alderdiko 226 ordezkari, eta 14:30 jota zirenean ekin zioten bozketari. Elena Valencianok egin zuen abstentzioaren aldeko proposamenaren defentsa, eta Txarli Prietok ezezkoarena. Horien ondoren, hitza hartu nahi zutenen zerrenda osatu zuten, eta haiek hizketan hasi dira, banan bana. 14:30 iritsi zirenean hitz hartzeak gelditu eta bozketa egiten hasi ziren.

Susana Diaz izan zen bozketa aurretik hitza hartu duen azkena. Andaluziako Juntako presidentea da Diaz; Andaluzia da PSOEren feudo nagusietako bat, eta pisu handia dauka haren hitzak alderdiaren barruan. PPri gobernatzen uztearen aldekoa da, alderdiko beste hainbat baroi bezala.

Rajoyren aurkako jarrerari eusteko eskatzen dutenen bandoan, militanteen zati handi bat eta estaturik gabeko nazioetako PSOEren ordezkaritzak daude batez ere; nabarmenenak, PSC Kataluniako Alderdi Sozialista eta Balear Uharteetako PSOE. Hego Euskal Herriko federazioak ere inbestiduraren aurka agertu dira, baina batzordeak erabakitzen duenaren arabera jokatuko dutela iragarri dute. Herrialde Katalanetako ordezkariek, tartean PSCko Miquel Iceta, boto diziplina hausteko prest daudela esan dute, Rajoy inbestitzera behartuz gero. Atzoko bozketaren ostean, Icetak esan zuen goiz dela ezer iragartzeko.

Urriaren 1eko batzarrean, artean oraindik idazkari nagusi Pedro Sanchez babestu zuen talde horrek; hark ezohiko kongresu bat eskatzen zuen inbestiduraren auzia erabaki baino lehen. Bilera luze eta zalapartatsu baten ostean, alderdiko ordezkari gehienek bizkarra eman zioten, eta Sanchezek dimisioa eman zuen. Harrezkero, kudeaketa talde batek darama alderdiaren zuzendaritza, Javier Fernandez Asturiasko presidentea buru duela. Fernandez abstentzioaren alde agertu izan da, baina inbestidura saioko bigarren bozketan, "lehenbizikoan PPren politikekiko gaitzespena" adierazteko.

Bilerak erregearekin

Argitzeko dago ea alderdiko diputatu guztiek egingo duten hala, edo soilik Rajoyk behar dituen hamaikek. Hori, dena den, talde parlamentarioaren esku utziko dute.

Fernandezek asteartean jakinaraziko dio erabakia Felipe VI.a erregeari. Hark bihar hasiko du ohiko elkarrizketa sorta Kongresuko alderdiekin —EH Bildu eta ERCrekin ez, uko egin baitiote—, Rajoyk inbestidura saioa gainditzeko aski babes ba ote duen neurtzeko. PSOErekin eta PPrekin hitz egin ostean jakinaraziko dio Kongresuko presidenteari, hark inbestidura saiorako eguna zehaztu dezan. Legez, urriaren 31ra arteko epea du Kongresuak gobernurako presidentea izendatzeko; bestela, bozetara deitu beharko du hirugarrenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.