Premiaz, uholdez eta lehortez betetako oraina eta etorkizuna

Munduko argazkia egin du IPCCk; klima aldaketaren ondorio batzuk agerikoak dira, besteak heldu dira

arantxa iraola
2007ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Ur eskasiak gero eta arazo handiagoak eragingo ditu, uholde arriskua handituko da, eta lehorteak gogortuko dira. IPCCk klima aldaketari buruzko bigarren txostenean halako mundua irudikatu du. «Oraingoan,gainera, datu enpirikoak ditugu», azaldu du IPCCko presidente Rajendra Pachaurik. Alegia, klima aldaketa gertatzen ari da; ondorioak oraina dira, eta etorkizunak dakarrenaren lekukoa. Hona ondorio nagusiak:



Afrika

Gose, egarri eta pobre

Itxura guztien arabera, klima aldaketaren ondorioak gordinen jasango dituen kontinentea da. Aurreikuspenak beldurgarriak dira. Ur eskasiarekin lotutako arazoak nagusituko dira, batez ere. 2020. urterako 75-250 milioi lagun gehiago bete-betean ariko dira arazoa jasaten. Nekazaritzan ekoizpenak gero eta eskasagoak izango dira; zenbait lekutan 2020. urterako erdira jaitsiko dira. Tenperatura igo ahala, arrain espezieak galdu eta arrantza kolokan egongo da.



Asia

Glaziarrik gabeko geroa

Himalayako glaziarren urtzea errealitate da, eta gero eta arazo handiagoak eragingo ditu. Epe laburrera, uholdeak eta luiziak; epe luzerago, ur eskasia. Klima aldaketaren ondorioz zenbait gaixotasun, besteak beste kolera, zabalduko diren susmoa dago. Ganges eta Mekong ibaien erriberetanuholde arriskua handituko da.



Australia-Zeelanda Berria

Koralak, galtzeko bidean

Australia hegoaldean eta ekialdean ur eskasia izango da, batez ere, arazo. Kostako zenbait lekutan, berriz, uholde arriskua. Ekologikoki galera handia izango da Arrezife Handikoa; koralak galtzen ari dira. Lekurik hotzenetan tenperatura igoeraren onurak ere igarriko dituzte; energia gutxiago xahutuko dute, eta nekazaritzan jarduteko aroak luzatuko dira.



Europa

Hegoaldea, gero eta idorrago

Klima aldaketaren ondorio negatiboak nagusituko dira Europa ia osoan ere. Europa hegoaldea, bereziki, lehortu egingo da; ur eskasia eta basoetako suteak gero eta arazo ohikoagoa izango dira, eta bero boladak ere bai. Europa iparraldean datozen hamarkadetan lurrak ematen dituen uztak oparoagoak direla ikusiko dute, baina uholde arriskua handitu egingo da.



Latinoamerika

Gero eta baso gutxiago

Amazonas ibaiaren ekialdean tenperaturak igo, eta basoak sabana bihurtuko dira; espezie asko galbidean jarriko ditu horrek. Andeetan glaziarrak urtu ahala ur eskasia jasaten hasiko dira inguru horietan bizi diren pertsonak.



Ipar Amerika

Bero bolada ikaragarriak

Bero bolada latzak jasaten dituzten tokiak badira, eta horiek oraindik ere gordinagoak izango dira. Mendebaldeko mendietan, tenperaturak epeldu ahala, uholde arriskua handituko da hilabeterik hotzenetan, eta udan, berriz, ur eskasiarekin lotutako arazoak hasiko dira agertzen.



Poloak

Aldaketa prozesu betean

Hego poloa eta ipar poloa, biak, aldaketa prozesuan murgilduta daude; izotzak gero eta eremu txikiagoa hartuko du bietan, urtzen ari delako. Ekosistemak guztiz nahastuta daude. Artikoko bizilagunak bizimodu tradizionala utzi beharrean aurkitzendira, baina onurak ere baditu aldaketak: gero eta gutxiago gastatzen dute etxeak berotzen, eta bizimodu erosoagoa dute.



Uharte txikiak

Erosioaren eta uholdeen beldur

Tropikoko zein latitude altuagoetako uharte txikiek etorkizun zaila dute. Gordin jasango dituzte klima aldaketaren ondorioak. Itsasoaren mailak gora egin ahala, erosioa etauholdeak arazo latzak izango dira, eta kolokan jarriko dute uharte askoren geroa.



Espezieen %30 arriskuan jarri ditu klimak

IPCCk klima aldaketari buruzko bigarren txostenean etorkizun pobre eta lehorra aurreikusi du
arantxa iraola

«Munduko pobreetan pobreenak, baita herrialde aberatsetako behartsuenak ere; horiek dira klima aldaketak gogorren joko dituenak». Rajendra Pachauri ikertzailearen hitzak dira. Ostiralean Bruselan (Belgika) IPCC Klima Aldaketaren Gobernu Arteko Taldeak -NBE Nazio Batuen Erakundearen baitan dihardu- klima aldaketari buruz egin duen bigarren txostena aurkeztu zuen, erakundeko presidentea baita. Txosten hori klima aldaketaren ondorioei buruzkoa da. Arrunt aurreikuspen kezkagarriak egiten ditu mundu osorako, etsigarriak. Tenperatura 1,5-2,5 gradu igotzen bada, esaterako, espezieen %20-30 gal daitezke.

Horretaz gain, egarri izango da mundua, baina, era berean, uholdeak ugaritu egingo dira. Uztak gero eta urriagoak izango dira, eta glaziarrak, iraganaren lekuko.Aurreikuspen horiek gertatzeko probabilitateak handiak dira. 0,8 gradu igo da ja industrializazio garaitik munduko tenperatura, eta gora doa etenik gabe.



OSASUN ARAZOAK. Osasun arazoak ere aurreikusi ditu txostenak, eta OME Osasunerako Mundu Erakundeak ere ohartarazi du gaixotasunak ugaritu egingo direla, eta malnutrizio arazoak ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.