Maria Estela Martinez Isabelita Peronezizenez ezagun, Madrilen bizi da 1981az geroztik, eta bere etxean atxilotu zuten atzo arratsaldean, Raul Hector Acosta magistratuak haren kontra atxiloketa agindua eman eta ordu gutxira. Hector Aldo Fagetti 1976ko otsailaren 25ean desagerrarazi zuten Martinez presidente zela, kolpistek hura Gobernutik kendu baino hilabete lehenago. Epaileak dioenaren arabera, 1975ean idatzitako hiru dekreturen ondorioa izan zen desagertzea. Dekretuetan agintzen denez, «segurtasun indarrek behar diren operazio militarrak egingo dituzte matxinadak sortzen diren edozein ekintza errotik kentzeko».
Martinezen atxiloketak polemika eragin du Argentinan, diktadura aurretik estatu terrorismoa egon zenaren inguruan. Acosta epaileak gogorarazi zuen diktadura aurretiko 600 desagertzeren salaketak daudela, eta «arreta bera eskaini behar zaie diktadura aurretiko edo diktadurako kasuei. Estatu terrorismoa egon zen diktadura aurretik ere».
INPUNITATERIK EZ. Anibal Fernandez Argentinako Barne ministroak ez dela «inpunitate hitzarmenik» egongo ohartarazi zuen, eta Nestor Kirchner presidenteak, berriz, «bakea egia osoa jakinda eta inpunitaterik gabe» eman behar dela.
Fagettiren kasuan inplikaturik egoteaz gain, Argentinako Aliantza Antikomunistak egindako delituetan zenbateraino parte hartu zuen aztertzen ari da Norberto Oyarbide epailea.Talde horrek 1.500 hilketa politiko egin zituen 1973 eta 1975 artean. Juan Domingo Peron presidenteak hilketok babestu zituen 1973an, eta hil zenean, bere alargun Martinezek hartu zuen presidentetza, eta babes horrekin jarraitu zuen 1974ko uztailaren 1etik kolpe militarrera arte.
Peron eta Martinez Alderdi Justizialistakoak ziren (PJ), Kirchnerren alderdi berekoak, eta peronismoaren baitan dauden ezkerreko eta eskuineko kideen artean atxiloketak bereizketa handiagoa eragin du. Alderdiaren mamuak esnarazi ditu Martinezen kasuak.
Presidente ohi Estela Martinez atxilotu dute Madrilen, Argentinako epaile batek eskatuta
Hector Aldo Fagetti gaztearen bahiketa agintzeagatik deklaratu beharko du Argentinan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu