Ilarak izan dira Kairon nahiz Alexandrian, matxinadek eragindako presidentetzarako hauteskundeetan bozkatzeko. Hautagai argirik izan gabe ere, egiptoarrek euren botoaz presidentea hautatze hutsa izan da ikuskizuna. Parte hartzeari buruzko daturik ez da izan lehen egunean, baina Hauteskunde Batzordeak «handia» izaten ari dela nabarmendu du. Gaur jarraituko dute beste hainbat lekutan bozkatzen, eta, irabazle argirik ez bada, ekainaren 16an eta 17an bigarren itzulia egingo dute atzo eta gaur boto gehien eskuratzen dituzten bi hautagaien artean. Egunak beharko dira emaitzak jakiteko.
Hau da Mubarak kargutik kenarazi zuen mugimenduaren lorpenik handiena, askoren ustez: presidentea herritarrek aukeratzea pentsaezina baitzitzaien duela hamabost hilabete, eta, bidean argiak baino ilun gehiago izan badira ere, gogoz jo dute bozkatzera.
Islamisten eta laikoen arteko hautua egingo dute; segurtasuna hobesten duten Mubaraken jarraipenaren alde ere bai batzuk, baina, batez ere, Egiptok duen krisi ekonomiko izugarriari eta segurtasun ezari aurreegingo dion presidentea nahi dute. Junta Militarrak etorkizunean izango duen indarra ez dago argi, eta hautagai guztiak saiatu dira kanpainatik kanpo uzten gaia.
Ez da ezohiko gauzarik gertatu bozkalekuetan, eta «normaltasuna» nabarmendu du Hauteskunde Batzordeak. Dena den, irregulartasun batzuk izan direla aitortu dute:«Hautagai gehienek egin dituzte irregulartasunak».
Presidentea hautatu ahal izateak ikusmina eragin du Egipton
Parte hartzeari buruzko daturik egon ez arren, jende askok eman du botoa, Mubaraken ordezkoa hautatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu