SAO TOME ETA PRINCIPE

Presidentea kanpoan zela profitatuz, estatu kolpea eman dute militarrek

Hainbat herrialdek eta erakundek kolpea gogor gaitzetsi dute

AGENTZIAK
SAO TOME
2003ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Fradique de Menezes presidentea Nigerian bisitan zela aprobetxatu zuten atzo Sao Tome eta Principeko Armadako buruzagi militarrek estatu kolpea eman eta uhartean Salbamendu Nazionalerako Batzordea ezartzeko. Kolpea goizaldeko 04:00etan hasi zen (Euskal Herriko orduan), eta, itxura guztien arabera, ez zen izan odol isurketarik.

Kaleko jantzitako eta soldaduz inguratutako gizon batek kolpe emaileen deklarazioa irakurri zuen telebista ofizialean, kolpea gertatu eta ordu gutxira. Adierazi zuenez, erakunde nazional guztiak desegin zituzten, eta zehaztu gabeko «trantsizio epe baterako» gobernua osatuko dute. Militarrek lehen ministro Maria das Neves, Parlamentuko buru Dionisio Dias, Defentsa ministro Fernando Daqua zein Baliabide Naturalerarako ministro Rafael Branco atxilotu zituzten.

Branco Gobernuko funtsezko kidetzat jotzen dute adituek, petrolioaz arduratzen baita, besteak beste. Herrialdea munduko pobreenetakoa da, baina inguruko uretan dituen petrolio guneak lau urteren buruan abian jarriko dituztela aurreikusten da. Ministroez gain, matxinoek Gobernuko eraikinak, estatuko telebista eta irrati kateen egoitzak, Banku Zentrala eta aireportua hartu zituzten mendean.

Ordu batzuk geroago egindako adierazpenetan, Fernando Pereira maiorraren gidaritzapean altxatutako matxinoek azaldu zuten «herrialdearen gainbehera sozial eta ekonomiko jarraituari erantzuteko» ekin zutela.

Gaitzespenak

Nigeriak Sao Tomerekin petrolio proiektuak partekatzen ditu estatu kolpea gaitzetsi zuen atzo, prozesu demokratikoa eta AB Afrikako Batasunaren oinarria urratzen zituela argudiatuz. ABko eta Mozambikeko buru Joaquim Chissanok «konstituzio ordenara lehenbailehen itzultzeko» eskatu zuen.

Sao Tome eta Principek jasan zuen azken kolpe militarra 1995ean gertatu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.